Zumaia Kiroljokoa herritarren aurrean, bihar

Gipuzkoako Ligako bigarren estropada jokatuko da bihar arratsaldean, Zumaian. 18:00etan hasita, sei traineru ariko dira lehian, erlojuaren aurka; irteera-ordena hau izango da: Hondarribia, Orio, Bizkaia, Zumaia Kiroljokoa, San Juan eta Getaria-Tolosa.

Bigarren estropada da biharkoa. Aurrenekoan, Getaria-Tolosa izan zen azkarrena, San Juan bigarren eta Zumaia Kiroljokoa hirugarren. Etxekoak, zaleen laguntzarekin, saiatuko dira gorantz egiten. Getariarrak sekulako maila ari dira ematen, eta ez da erraza izango haien ingruan ibiltzea. Gainera, zumaiarren prestakuntza irailera begira jarrita dago. Izan ere, berandu osatu dute taldea, eta duela pare bat hilabete pasatxo hasi ziren arraunlari guztiak batera entrenatzen. Oraingo helburua da blokea egitea.

Eremu berria
Biharko estropadak izango du berrikuntza. Ez da jokatuko ohiko eremuan, berri batean baizik. Barrako muturretik aurrerantz joango dira traineruak, eta hartara, olatuak poparean hartzeko aukera izango dute. Orain arteko eremuan, olatuek trabeska jotzen zituzten ontziak. Ziaboga bakarra emango dute, eta bi luze egin beharko dituzte lana osatzeko.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude