Enbatak joko al du bihar Kontxan?

Zumaia Kiroljokoa Kontxako banderan izango da hurrengo bi igandeetan. Atzo lortu zuen sailkapena, erraz. Arazorik gabe erdietsi zuen txartela. Getaria-Tolosa, Galizia eta ezustean sailkatu zen Bizkaia izango ditu aurkariak (San Juan zen sartzekoa, baina ziabogan kateatuta geratu zen). Lauren arteko aldeak hauek izan ziren: Getaria-Tolosak 6 segundo atera zizkion Galiziari, 12 Zumaiari eta 27 Bizkaiari.

Nagore Osoro patroiak honela aztertu zuen estropada ETBn egin zioten elkarrizketan: “Sailkatzea zen helburua, eta estropada ona egin dugu. Bigarren luzean gozatzen etorri gara. Bestela, estropadan biziegi aritu garela uste dut, erritmo altuan. Igandera begira, irabaztera gatoz, oso indartsu gaude”.

Igandean, eguraldi eta itsaso txarra dago emanda. Haizeak ere joko duela eman dute aditzera. Txukun moldatzen da Zumaia Kiroljokoa halako baldintzetan, eta Enbata traineruarekin, bi faborito handiei (Getaria-Tolosa eta Galizia) sustoren bat emateko aukera izan dezakete.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude