Asteartean hasiko dira entrenatzen arraunlariak

Datorren asteartean hasiko dira arraunlariak entrenatzen. Ia bi hilabeteko geldialdia egin eta gero, 2009ko denboraldia prestatzeari ekingo diote. 19:30ean dute hitzordua, Itsas Kiroldegian. Ez da deialdi itxia, eta arraunean egin nahi duen edozein azal daiteke astearteko entrenamendura.

Azkeneko sasoiko taldearekin alderatuta, hiru arraunlari faltako dira: Jokin Urkidik eta Jon Larrañagak arrauna uztea erabaki dute, eta Jon Agirrezabala Santurtzik fitxatu du, hasiera batean arrauna uztekotan bazen ere. Berrikuntzen artean, momentuz, lau daude ziurtatuta: Mikel Etxeberria ‘Artia’ (urtebetez arrauna utzita egon eta gero itzuliko da), Josu Osa (Donostiarran ibili da azken sasoian) eta Ondarroatik datozen bi arraunlari. Gazte mailako lau arraunlari ere igoko dira, eta aurreko denboraldian Ondarroan utzita egon diren beste bi ere itzuliko dira.

Mikel Olasagastiren analisia

DENBORALDI BAT AMAITU ETA BESTEA HASI

Amaitu da 2008 urteko arraun denboraldia. Iazko emaitza bera lortu dugu, baina erregularragoak izan gara, nahiz eta Laredok mantendu duen erregulartasuna ez lortu. Beraz, amaitu dira arraunlariontzat entrenamenduak, bidaiak, sufrimenduak, Luxiaren oihuak… Orain, agian, berak entzun beharko ditu gure oihuak Erribera kaletik.

Denboraldi berri bat hasten da orain guretzat: PARRANDENA! Jada arraun elkartean dugun egutegian asteburu denak borobilduta ditugu afariak direla eta. Lehenengo zita asteburu honetan bertan dugu Tolosan. Ez dagoela denborarik galtzerik eta… Nahikoa segundo, minutu, ordu, egun, aste, hilabete galdu ditugu jada, eta orain guztiak errekuperatu behar direla. El Corte Ingles estropada jokatu ostean komentario ugari entzuten ziren gure ontzian, baina behin baino gehiagotan errepikatzen zena honakoa zen: “Bizitzako bi urte galdu dixkiat gaur”. Hori da kalbarioa!

Hurrengo zita urriaren 4an dugu, oraingoan Zumaian. Denboraldian sufritzen dutenak ez gara gu bakarrik, neskalagunek ere sufritzen baitute. Horregatik eurekin ere gogoratu, eta traineruan bueltatxo bat eman ostean, bazkari legea egin eta parrandatxoa.

Arraun denboraldian ez dugu banderarik irabazi, ez gara onen pare ibiltzeko gai izan, baina ea nork jarraitzen duen orain gure martxa. Pixkanaka hartu beharko dugu erritmoa, ez baita ona lehen egunetik dena ematea denboraldi berri honetan. Igandean lehen zerbeza eta kalimotxoak erori ziren, eta asteburu honetan gehiago. Eta agurtzeko, gaztelerazko esaerak dioen bezala, ‘el año que viene ms y mejor!’

Telmo Deun zortzigarren atzo, gaur eta San Miguel ligan

Telmo Deunek bukatu du denboraldia asteburu honetako bi estropadekin. Atzo, Bermeon, eta gaur, Portugaleten zortzigarren izan da. San Miguel liga ere postu horretan bukatu du.

Sailkapenak ‘sailkapenak’ atalean daude.

Datorren denboraldian talde hauek ariko dira San Miguel ligan: Urdaibai, Castro, Orio, San Pedro, Zarautz, Pedreña, Hondarribia, Zumaia, Cabo da Cruz, Tiran, Kaiku eta Meira.

Irati Manzisidorren analisia Kontxako banderaz

Jarraipena izango duen esperantzan

Hainbeste itxaron ondoren, azkenik iritsi da Kontxako lehenengo emakumezkoen estropadari buruzko irakurketa egiteko garaia. Arraunaren olinpiada deitu izan zaion estropada honetan jokatzea arraunlari guztion ametsa dela esango nuke, eta oraindik sinisten lanak badauzkat ere, aurtengo honetan Zumaia-Getariako 17 neskak ametsa errealitate bihurtzeko aukera izan dugu.

Larunbatari dagokionez, espero ez genuen ezusteko atsegina jaso genuen arraunzaleen aldetik, nik behintzat ez bainuen hainbeste jenderik espero. Aurtengo laugarren estropada zen traineruan, eta jende dezente izan bazen ere, banekien horietan mutilek ere jokatzen zutela, eta beldurra neukan neskok bakarrik arituz gero, gure ingurukoez aparte jenderik hurbilduko ez ote zen. Ordua iristen zihoan heinean, ordea, atzean gelditu ziren nire beldurrak. Izan ere, bertara gerturatu zineten jendeari esker, erronka ari erraz egin genion aurre, eta beraz, orain geuri zegokigun lan txukun bat burutuz eguna borobiltzea.

Tentsio handia zegoen tostakideon artean, eta tentsioa are gehiago handitu zen hainbestetan madarikatu den lehenengo kalea egokitu zitzaigula jakin genuenean; asko entrenatu genuen egun hartarako, eta ez genuen sailkatu gabe gelditu nahi. Itsasoari dagokionez berriz, guk itsaso zakarra nahiago bagenuen ere, ez genuen halakorik espero. Zer zer hura? Beroketak egiten ari ginela pare bat olatu sartu zitzaizkigun barrura, eta geroago bonben bidez gehiena ateratzea lortu bagenuen ere, belaunetarainoko ura izan genuen une batzuetan. Itsasoak indar asko bazuen ere, ez zen zortzi traineru haietan geunden neskon ilusioa gainditzeko gai izan, eta estropadak bere bidea egin zuen.

Lehenengo txandan, espero bezala, Galizia izan zen garaile, eta hark lehenengo kaleari buruzko geure beldurrak murrizteko balio izan zigun. Berehalakoan iritsi ez bazen ere, azkenik uretako epaileak bandera jaitsi eta hasi zen “Esperantzaren” txanda ere. Oso irteera ona egin genuen, eta hasierako momentutik hartu genien aurre beste ontziei. Aurrera egin ahala olatuen indarra gero eta handiagoa zen, eta behin irla pasa ondoren, traineruaren puntan gindoazenok hainbat ipurdiko eder jaso behar izan genituen etengabe zetozen olatuak zirela medio. Geu izan ginen lehenak ziabogan sartzen, eta momentuan ez bagenekien ere, orduarteko denborarik onena egin genuen. Oraindik estropada erdia bakarrik igaro zen, ordea, eta bagenekien bueltan ere lana txukun egin beharra zegoela, itsasoa zegoen bezala egonda ez baitzen bat ere zaila akatsen bat egitea ordu arteko lana haizea hartzera bidaliz. Ez zen halakorik gertatu, ordea; bueltako luzean hartu genituen olatuei esker, eta estropada guztian zehar gure patroi Libanak egindako lan bikainari esker, gainontzeko ontzi guztiei alde handiarekin irabazi genien.

Larunbatekoa izugarrizko garaipena beraz. Baina orduko denborek ez zuten hurrengo egunerako balioko, hura sailkapena baino ez zen izan, eta burua hotz mantendu beharra zegoen, hurrengo egunean zerotik hasi eta geure onena emateko.
Igandeari dagokionez, baldintzak oso bestelakoak ziren: itsasoa asko baretu zen, eta beraz gure aurkariek indar hartu zuten. Bagenekien galiziarrak gu baino indartsuagoak zirela, azken finean selekzioa baitzen, eta bai bateletan eta bai trainerilletan beraiek izan ziren nagusi. Baina hala ere, ez genuen aldez aurretik etsi nahi, eta geure onena ematera irten ginen. Arraunean gozatu nahi genuen, ez baita egunero izaten Kontxako bandera irabazteko lehiatzeko aukerarik.

Estropadari dagokionez, oso estropada ederra izan zen, eta oso gustura gelditu gineln egindako lanarekin. Hala ere, irteeran ez ginen bat ere egoki kokatu, eta aurrenengo luzean galiziarrak eta Astilleroko neskak gugandik nahiko urrun aritu ziren. Bueltako luzean ordea, Astillerorengana dezente hurbildu ginen, eta berauek gure aurretik sartu baziren ere, kantabriar neskak larritzea lortu genuela uste dut. Bestalde, Euskal Herriko onenak izan ginen, hasiera samarretik hasi eta estropada guztian Hondarribiaren aurretik joan ginelako. Galiziak, ordea, estropadaren hasieratik egin zigun ihes, beraien arraunerako indarra erakutsiz. Hori dela eta, merezitako bandera lortu zutela esatea baino ez dagokit. Nire zorion beroenak galiziar selekzioko neskei!
Amaitzeko, asteburu honetako momenturik onena hautatu beharko banu, igandean uretatik arranplara iritsi gineneko momentua aipatu nahiko nuke. Nahiz eta Zumaiako txaranga bikaina faltan bota (eta honekin batera baita Zumaiako Udalaren arratsalderako errezibimendu baten eskaintza ere, Kontxako bandera irabazi ez bagenuen ere, egindako lana saritzeko modukoa izan zelakoan bainago), hura ikaragarria izan zen. Behin baino gehiagotan pentsatu izan nuen zer sentitu behar ote zen arraunlari izan eta trainerua bizkarrean izanda, arranpla hura zeure afizioaren artetik igarotzea, baina inoiz ez nintzen horren gauza handirik imajinatzera iritsi. Izan ere, estropada amaitu eta arranplara iristerako han ziren gure zain Zumaiako zein Getariako afizioa, kuadrilakoak, familiakoak, arroarrak… ikaragarria benetan. Mila esker, bi egun hauetan gurekin egon zareten guzti-guztiei!

Eta honekin bukatu da aurtengo denboraldi luze eta ahaztezina. Arraunaren historian pausu garrantzitsuak ematea lortu dugu, eta orain Esperantzari deskantsatzea tokatzen bazaio ere, istorio hau hasi besterik egin ez denaren eta jarraipena izango duenaren esperantzak ez du etenik izango.
AUPA ZUMAIA-GETARIA!!

Zumaia-Getaria hirugarren I. Kontxako Banderan

Zumaia-Getaria hirugarren izan da I. Kontxako Banderan. Galiziak irabazi du, bigarren Astillero sailkatu da, eta laugarren Hondarribia.

Sailkapena: 1. Galizia                    11.35
                     2. Astillero                 11.39
                     3. Zumaia-Getaria   11.42
                     4. Hondarribia          11.53

Libana Taboada patroiak hau adierazi du estropadaz: “Lan ederra egin dugu gaur ere. Atzo onenak izan arren, geure artean hitz egin dugu ez genuela konfiatu behar, gero sekulako belarrondokoa ez hartzeko. Halaxe atera gara, konfiatu gabe, eta lan ederra egin dugu. Gustura gaude”.

Edurne Segurola arraunlaria ere pozez txoratzen dago: “Hau ikaragarria da, sekulakoa. Uda osoa hau prestatzen aritu gara, eta zoragarria da. Guk bagenekin ez ginela faboritoak, nahiz eta atzo onenak izan, eta oso gustura gaude egindakoaz”.

Zumaia-Getaria Kontxako Bandera irabazteko lehian izango da, gaur denborarik onena egin eta gero

Zumaia-Getaria izan da onena emakumeen I. Kontxako Banderara sailkatzeko estropadan. Ederki moldatu dira arraunlariak itsaso txarrean, eta estropada ederra egin dute. Bihar, 11:00etan, lau ontzi lehiatuko dira banderaren bila: Zumaia-Getaria, Galizia, Hondarribia eta Astillero. 11:00etan izango da, eta ETB1ek emango du.

Hemen sailkapenak: http://www.kirolak.net/eu/competiciones.asp?deporte=todos&deportetmp=remo&competi=documentos&temp=10 

Mikel Olasagastiren analisia

“Makinak”

Azken egunotan asko hitz egin da apustuak egiteko makinen inguruan. Korredoreak ez direla izango Kontxan eta apustu etxe batzuek makinak jarriko dituztela. Baina Kontxa portaletasen bizi den girorik gabe ez litzateke gauza bera izango.

Baina nire artikulu hau makina gisa titulatzearen arrazoia ez da hori. Castroko arraunlariak, taldea definitzeko erabili nahi nuke hitz hori. Erakustaldia eman zuen aurreko igandean eta ezusteko handiegirik ez bada gertatzen, bandera Kantabriara joango da. San Migel Ligako Castroko estropadan eta Kontxako sailkapen estropadan eman zuen mailak, taldearen gaineko konfiantza murriztu zuen apustu zaleen artean eta oso gutxi ziren hauen alde jokatzen zutenak. Orain berriz, faborito nagusiak dira!

Urdaibai eta Astillero 18 segundotara daude. Askok Kantabriako talde hau jotzen zuten faborito, baina ez zuen mailarik onena eman igandean. Agian lehen txandan aritzeak ez zion mesederik egin, baina Hondarribiari 12 segundo aterata oso zaila da aurtengo edizioan Kontxa irabaztea. Urdaibairen inguruan berriz zer esan, beste behin kale! Sarritan entzun dut Kontxako Bandera bat irabazteko hiruzpalau aldiz aukerekin joan behar dela, beti zerbait gertatzeko arriskua baitago: haizea atera dela, itsasoak gora egin duela, kanpoko luzean ura sartu dela, ez dela ongi enfilatu barruranzko luzean… Azken bi urteetan aukera handiekin joan dira bizkaitarrak Donostiara, baina kale egin dute. Datorren urtean izan beharko du eta esaldiak dioen bezala, “a la tercera va la vencida”.

Zumaiarrak berriz, Donostian izan ginen, baina ikusle moduan. Denoi gustatuko litzaiguke arraunean aritzea, baina ez da posible izan. Hala ere, guretzat txarrena ostegunean eman genuen itxura izan zen. Ez ginen batere ongi aritu ez kanporanzko luzean ez barruranzkoan. Ilusioz gainezka atera ginen, baina hurrengoan beharko du. Jada badira bi urte ez garela Kontxan sartzen eta guk ere Urdaibaikoen gauza bera esan beharko dugu: “A la tercera va la vencida”.

Telmo Deun ez da Kontxan izango

Telmo Deun hamabigarren izan da Kontxarako sailkatze estropadan, eta ez da datozen bi igandeetan Donostian ariko.

Denborak ‘sailkapenak’ atalean daude.

Luxiaren balorazioa: “Oso gaizki egin dugu, garbi esanda. Ustez ondoen moldatzen garen itsasoa egon da, baina ez joan, ez etorri. Ondo atera gara, eta bi puntetan denbora ona egin dugu, baina gero, ziabogara heltzeko azken sei minutuetan arraunketa galdu dugu. Presaka jardun dugu, eta bueltan ere ez dugu asmatu. Gaur baino gehiago ibili gara azken bizpahiru asteetan, eta egun hauetan entrenamendu onak eginda geunden, baina ez dugu asmatu. Zarautzek eta Pedreñak ez dute onena eman, eta guk asmatu izan bagenu… Irudipen txar horrekin gelditu gara”.