Telmo Deun bigarren aterako da gaur

Ez du zorte handirik izan gaur Zumaiak Kontxara sailkatzeko estropadaren zozketan, Telmo Deun bigarren trainerua izango delako irteeran, Tiranen atzetik. Ia batere erreferentziarik gabe ariko dira zumaiarrak. 18:00etan hasiko da estropada, eta ETB1ek 17:25etik aurrera ekingo dio emankizunari.
Hauxe da irteera ordena:

A Multzoa.
Tiran, Zumaia, Castro, San Pedro, Zarautz, Cabo da Cruz, Hondarribia, Pedreña, Astillero, Urdaibai eta Orio.

B Multzoa
Camargo, Pasai Donibane, Kaiku, Meira, Arkote, Nautico de Vigo, Laredo, Trintxerpe, Isuntza, Ondarroa, Chapela eta Rianxo.

Telmo Deun bederatzigarren Castron

Telmo Deun bederatzigarren sailkatu da gaur Castron.

Sailkapenak ‘sailkapenak’ atalean daude.

Luxiaren balorazioa: “Ez dugu estropada ona egin. Lehen luzean ondo joan gara, baina uste dut bete egin garela, eta gero ordaindu egin dugula ahalegin hori. Gainera, epailearen ontzia ere aurrean jarri zaigu gero, eta haren olatuek kalte egin digute. Kaleari dagokionez, hasieran uste genuen gurea, aurrenekoa, onena zela, baina ikusi da laugarrenetik hobeto etorri direla. Postu bat aurrerago behar genuen sailkapenean, Tiranen atzetik egin dugulako, eta Zarautz ere gertuago izan behar genuen.
Ostegunekoa, Kontxakoa, ez daukagu erraza, baina ematen du bi posturako ontzi asko gaudela tarte txikian, eta saiatu beharra daukagu. Animatuta joango gara”.

Mikel Olasagastiren analisia

Aste garrantzitsuenaren atarian 

Beste asteburu bat igaro da, bi estropada gutxiago denboraldia amaitzeko, zazpigarren postuan berriro ere… eta garrantzitsuena: gaur zortzi Kontxako Banderarako sailkapen estropada. Talde batzuk jada amaitu dute denboraldia eta trainerua zintzilikatu dute datorren urtera arte. Beste batzuek aldiz, urteko helburu nagusia begiz jota dutela eta, hor jarraitzen dute entrenatzen. Estropada dotorea izan zen larunbatean jokaturikoa Hondarribiako uretan. Txanda denetan emozioa gailendu zen, eta bat goraipatzearren bigarrena izan behar. Denboraldi osoan zehar ikusi den bezala, bigarren txandan dihardugun taldeen arteko parekotasuna ikaragarria da, eta Mikel Olazabalek igandean esan zuen bezala, talde horiek jokatuko dituzte Kontxan aritzeko 6 eta 7. postuen txartelak.  Baina asteburu honetan argi geratu dena zera da: taldeen arteko distantzia ez dela hain handia. Zarautzen ikusirikoa “espejismo” hutsa izan zen. Orio ez dago lehen postutik 25 segundootara, Urdaibairi ez zaio banderak irabaztea ahaztu eta Zumaia ez dago Pedreña, Zarautz eta Hondarribia bezalako taldeetatik hain urrun. Baina bakoitzak atera ditzala bere ondorioak. Guk, arraunlariok, gureak atera ditugu eta gustura gaude, Zarautzen kolpe handia hartu baikenuen. Orain Orio eta Castroko estropadak geratzen zaizkigu Kontxa aurretik. Orion ibaian jokatuko da estropada eta guretzat eremurik onena ez bada ere, maila ematen saiatuko gara. Castron berriz ea itsaso mugituarekin lehia polita eskaintzeko parada dugun.

Zumaia-Getaria eta beste zazpi traineru I.Kontxako banderan

Gaur eguerdian aurkeztu dute Donostiako Udalean emakumeen I. Kontxako bandera. Zortzi traineru lehiatuko dira: Zumaia-Getaria, Hondarribia, Tolosaldea, Arkote, Astillero, Galizia, eta Kataluniako bi (Club Rem Badalona eta Club Rem Colera). Irailaren 13an, larunbatean, 18:00etan, sailkatze-estropada jokatuko da; bi txandatan botako dituzte, eta lau azkarrenek jokatuko dute bandera. Hurrengo egunean izango da hori, irailaren 14an, 11:00etatik aurrera. Irabazleari bandera eta 6.200 euro emango zaizkio; bigarrenari 4.000 euro, eta hirugarrenari, 3.200 euro.
Bi egunetako estropada eremua ziaboga bakarrekoa izango da.

Telmo Deun bederatzigarren Bilbon

Telmo Deun bederatzigarren izan da Bilboko bigarren banderan. Ibaian jokatu da estropada, erlojuaren aurka, hiru txandatan banatuta eta traineru batetik bestera minutuko tartea zela irteeran. Bigarren txandan joan da Telmo Deun, eta hirugarren izan da. Gaur, patroi lanetan Jokin Gijarro aritu da.

Sailkapenak ‘sailkapenak’ atalean daude.

Luxiaren balorazioa: “Gustura gaude egindakoarekin. Gure txandakoekin borrokan aritu gara. Aldaketak egin ditugu, eta txukun ibili gara. Ez zaizkit gustatzen estropada hauek, eta gutxiago, garai honetan. Datorren astean, gainera, beste bat daukagu, Orioko ibaian. Koadrila indartsuenek markatzen dituzte diferentziak”.

Telmo Deun zazpigarren Hondarribian

Telmo Deun zazpigarren izan da Hondarribian. Txandan hirugarren egin du, Zarautzen aurretik. Sailkapen nagusian, Hondarribiak harrapatu egin du.

Sailkapenak ‘sailkapenak’ atalean

Luxiaren balorazioa: “Gustura gaude, estropada konpletoa egin dugulako. Ez dugu arraunketa galdu. Hasieran Hondarribiarekin izan dugu borroka, eta gero, Zarautzekin. Biharkoa gogorra izango da. Bilbon, ibaian eta erlojuaren aurka, justu dabilenak oso atzean bukatuko du”.