Mikel Olasagastiren analisia

Zarauzko estropadekin batera…

Esaera hori oso ohikoa bilakatu da azken urteetan arraun zaleentzat, batez ere abuztuaren erdialdera heldu eta Zarauzko Ikurriña jokatzen denean. Baina batik bat Orioko traineruari erantsi izan zaio esaera hori, mailarik onena erakusten baitu beti bertan.

Hala ere, aurtengoan ez da betikoa gertatu. Oriok ez du mailarik eman, eta Castro, Zarautz eta Pedreñak izugarrizko maila erakutsi dute. Batzuk Espainiako Txapelketan eta Zumaiako estropadan egin zutena “hutsegite” bat izan zela erakusteko, besteak etxean aritzen zirelako; eta besteak forma orain ari zaielako heltzen.

Gu berriz… zer esango dut ba: NAHI eta EZIN! Gure ustez lanak ongi ari gara egiten, baina emaitzak ez dira nahiko genituen bezain onak. Gure maila mantentzen ari gara denboraldi osoan zehar, baina beste ontziek saltotxo bat egin dute gora. Hondarribia indartsu dator atzetik eta San Migel Ligan dugun 7.postua ere arriskuan dago jada.

Guk gureari jarraituko diogu eta ontzi denetako ordezkariek dioten bezala, “hutsegite txiki bat izan da edo prestaketa atzeratua daramagu eta gure formarik onenera heltzeko gaude oraindik”. Ea datozen estropadetan postu hobeak egiten ditugun!

Telmo Deun zortzigarren Zarauzko bigarren jardunaldian, eta postu berean azken sailkapenean

Telmo Deun zortzigarren izan da Zarauzko Estropadetako bigarren jardunaldian, aurreneko txanda ondo irabazi eta gero. Azken sailkapenean, atzoko eta gaurko denborak kontuan hartuta, zortzigarren izan da. San Miguel ligan zazpigarren jarraitzen du.

Sailkapenak ‘sailkapenak’ atalean daude.

Luxiaren balorazioa: “Ez dugu estropada txarra egin, eta gure mailan aritu gara. Atzoko aldean nerbio gehiagorekin egin dugu arraunean. Aurretik joan gara beti, eta lan ona egin dugu. Azken luzea oso ona izan da. Beste gainontzean, Zarautzek eta Castrok hegan egin dute”.  

Telmo Deun bederatzigarren Zarautzen

Telmo Deun bederatzigarren sailkatu da Zarauzko Estropaden lehen jardunaldian. Bihar, aurreneko txandan aterako da, gaurko denboren arabera osatuko baitira txandak. Gaurko denborak kontuan hartuko dira azken sailkapenerako.

Hauek dira biharko txandak:
1. Zumaia, Cabo da Cruz, Arkote eta Laredo.
2. Orio, Zarautz, Hondarribia eta Tiran.
3. Castro, Urdaibai, Pedreña eta San Pedro.

Sailkapenak ‘sailkapenak’ atalean daude.

Hauxe da Luxiaren balorazioa: “Ez dugu arraunean egin. Hasieratik gaizki hasi gara, eta ez dugu erreakzionatzen jakin. Bestela, harrigarria izan da zenbateko aldeak egon diren. Esaten da Zarautzen lehen eta bigarren kaleak direla onenak, baina gaur, kanpoko biak hobeak zirela uste dut. Ez da aitzakia, guk ez baitugu lan ona egin. Bihar, txanda irabazten saiatuko gara, eta ea Tirani lau segundoko tartea kentzen diogun, sailkapen nagusian postu bat gora egiteko”.

Irati Manzisidorren analisia Euskadiko txapelketaz

Bi aste joan dira Euskadiko txapelketa jokatu zenetik. Estropada ondorena ezohikoa izan zen, Zumaia-Getariak eremuaren aurkako errekurtsoa jarri zuela eta. Orain, Hondarribiak auzi bidean jarri nahi omen du gaia. Estropadaz eta ondorengoaz, hauxe idatzi du Irati Manzisidor arraunlariak.

HASI BAI BAINA ORAINDIK AMAITU EZ DEN ESTROPADA

Joan den San Ignazio egunean Lekeitioko uretan jokatu zen emakumeen lehendabiziko Euskadiko traineru txapelketa. Ustez ospakizunez jositako estropada handia izan behar zuenak, ordea, zorigaiztoko gertakari izaten amaitu zuen. Izan ere, arraun munduan zoritxarrez hain ohikoa den bezala, uretan hasitako estropada bulegoetako estropada bilakatu zen bataren eta bestearen haserreez lagundurik.
Uretakoari dagokionez, esan, gure iritziz guk oso lan ona egin genuela; aurreko txapelketan ez bezala, geure lanari eutsi eta inongo momentuan bururik galdu gabe arraunean eginez gozatzea lortu baikenuen. Ziabogara iritsi arte geu joan ginen estropada buruan, baina ziabogatik irten ginenerako Hondarribiak aurre hartu zigun eta bigarren luze osoan gainean izan baginen ere, ez genuen hauei aurre hartzerik lortu. Estropada amaitu eta berehala eman genizkien zorionak hondarribitarrei, eta baita txalo jo ere ustez beraiek baitziren estropadaren irabazleak.
Lehorrean geundela ere aurrena iritsi denak izan ohi duen festa giroa ez genuen arren, geure onena eman izanak ematen duen poza geneukan, eta gauean bota behar genuen parrandari heldu genion kontsolatzeko asmoz.
Dutxatik irten ginenean entzundakoak erabat aldatu zuen egoera, ordea, eta berriro ere amaitutzat emandako estropadara itzuli ginen: mutilen estropada ez omen zen oraindik hasi kanpoko bigarren baliza urrunegi zegoelako. Berehala hasi ginen gure tandan ere aldatuta ote zegoen galdezk,a eta baietz esan zigutenean…gozoa jarri zen jendea!! Esan beharra dago une hartan arraunean estrobua edo tosta baino hitz famatuagoa den INPUGNAZIYUA zela nagusi guztion artean. Ni normalean ez naiz honelako gauzen alde egoten, uretan irabazi eta bandera astindutakoari berriro kentzea gaizki ikusten dudalako, baina nire taldeko batek esan zuena entzun nuenean ideiak aldatu zitzaizkidan:  “Guk badakigu galtzen, baina benetan galdu dugunean, eta oraingoan ez dugu galdu, ez baikeunden baldintza berdinetan. Sentitzen dugu bandera astindu duenari kentzea, gogorra baita, baina estropada ontzat eman izana da akatsa; norberak berearen alde egin behar du hemen”. Izan ere, ez nago zihur baliza hura bere tokian bazegoen irabaziko genuen ala ez, baina baldintza berdinetan jokatu beharko genuke, eta hamalau metro gehiago egin bagenituen eta amaieran bi segunduko aldea baino ez bagenuen… erabakia epaileen eskuetan zegoen, baina guk gure kexa sartu genuen, dirudienez, hauek ez baitute ezer egiten isilik gelditzen bazara. Ni ez naiz inor epaileen lana kritikatzeko, baina lantxan doazela traineruei beraien etxean jartzeko argazkiak atera beharrean, estropada ontzat eman aurretik guztia ondo joan ote den begiratzea ez litzateke gaizki etorriko; beraiek egiten ez dutena klubek eta arraunlariek egin behar izaten baitute, eta azkenean horrek inori mesederik egiten ez dioten haserreak sortzen ditu.
Goiza aurrera joan zen, baina guri ez zigun inork gure inpugnazioaren aurrean epaileek hartutako erabakiaren berririk eman, eta beraz, mutilen estropada amaitu orduko sari banaketa egin behar zuten plazara joan ginen zer gertatuko ote zen ikustera. Guztion harridurarako estropada bertan behera gelditzen zela eta epaileek beraien erabakiaren berri emango zigutela esan ziguten, txapelketa ziur asko beste egun batean ospatuko zela adieraziz.
Estropada hau, ordea, ez zen bere horretan gelditu, astelehen honetan bertan emakumeen tandan jokatu genuen hiru elkarteetako ordezkariek eta federazioak jokatu baitute arraunlaririk gabeko bigarren estropada. Gure ordezkariak estropada berria jokatzeko data finkatzeko asmoz joan ziren, hondarribitarrak estropada beraiek irabazi zutela onartu eta bandera beraiei ematea nahi zuten bitartean. Federazioak ez omen zuen gauza handiegirik esan, eta beraz, Hondarribiak bere gainontzeko ordezkariekin hitz egin eta judizialki aurrera joango ote ziren (hau da hurrengo estropada eremua Gasteizko epaitegia izango ote zen) erabakitzekotan gelditu ziren.
Hauek dira guri iritsi zaizkigun azken berriak. Ez dakigu estropada hau noiz amaituko den eta ezta non ere (Gazteizko epaitegian ala itsasoan) baina amai dadila mesedez! Horrelako kontuek kalte besterik ez baitiote egiten arraunketa onari; batzuek eskuak garbitzen dituzten bitartean, klubek erabakiak hartu eta bai klubak eta bai arraunlariak elkarren artean haserratzeko bakarrik balio baitute. Tristea benetan.

Ofizialki osatu da Zumaiako Aita Mari Arraun Kirol Elkartea

Eusko Jaurlaritzak onartu ditu Zumaiako Aita Mari Arraun Elkartearen estatutuak, eta honenbestez, ofizialki eratu da elkarte berria. Ondorioz, hemendik aurrera bi elkarte ezberdin izango dira Aita Mari Arraun Elkartea eta Zumaiako Aita Mari Arraun Kirol Elkartea, aurrenekoaren batzarrak iazko azaroan onartu bezala. Arraunarekin lotutako guztia bigarren elkartearen esku geldituko da. Izena luzea denez, eta gauzak errazte aldera, beste izen hau erabiliko dute: Zumaiako Arraun Elkartea.

Hauxe da behin-behineko zuzendaritza-batzordea. Gerora, jende gehiago sartzeko aukera ez dute baztertzen.  

Presidentea: Luis Mari Goikoetxea
Idazkaria: Juanjo Galarraga
Bokalak: Javier Osa, Xeberiano Yeregui, Luis Mari Osa, Bixente Aizpurua eta Joxe Antonio Amilibia.

Mikel Olasagastiren analisia

Festa ederra

Igandean Zumaian bizitako giroa oso estropada gutxitan (inon ez esatearren) bizi izan da aurten. Goizean goiztik giro ederra nagusitu zen kalean, “gala eguneko” traje dotoreak gorde (gutxiren batek oraindik irauten zuen), eta arraun elkarteetako koloretako nikiek hartu zutelarik tokia. Talde ezberdinetako zaleak elkarrekin nahastu eta arranpla zein barra muturrean ostadarra zirudien markoa ikusteko parada izan genuen, gorria nagusi zelarik, noski!
Guzti hau ikusita, denok izaten dugu zaleen aurrean paper txukun bat egiteko nahia. Halakoetan ordea, beste askotan bezala, kirioek ez dute batere laguntzen. Urduritasuna ez da inoren lagun, baina konfiantza ere handia zen etxean estropada dotore bat egiteko behingoz. Azken urteetan ez dugu lortu zaletuen aurrean gure maila erakustea eta aurten horixe zen helburuetako bat.
Hasieratik indartsu atera ginen, baina argi geratu zen Enbata ontziak maila bat gora egin duela azken estropadetan. Larunbatean ere erakutsi zuen indartsu daudela eta eusten saiatu arren, ez genuen lortu. Lehia beraz, txandako bigarren posturako zen Pedreñarekin. Azken unera arte parean ibili ginen, baina azken txanpan aurrea hartzea lortu genuen zaleuen bultzadarekin. Azkenik txandan bigarren postua eta sailkapen nagusian, zazpigarren. Gure lanarekin gustura geratu ginen arraunlariok, baina zapore gazi-gozoa geratzen da laugarren postua 6 segundu eskasetara zegoela ikusiaz.
Orain, asteburu bat dugu estropadarik gabe, Espainiako Txapelketa jokatuko baita Castron eta gu ez baikinen bertan aritzeko sailkatu. Horrenbestez, 6 segundo eskas horiek irabazteko gogor entrenatzen jarraitu beharko dugu, hurrengo Zarauzko Estropadetan emaitza hobea lortu ahal izateko. Zarauzko Enbata ontziak Zumaian irabazi ostean, ea Zumaiako Telmo Deun ontziak Zarautzen irabazten duen. Horixe da gure hurrengo helburua!

Telmo Deun zazpigarren etxeko estropadan

Lan ona egin du Telmo Deunek, eta zazpigarren sailkatu da Zumaiako 23. Ikurrinan. Sekulako jendetza egon da estropada ikusten.

Sailkapenak ‘sailkapenak’ atalean daude.

Luxiaren azterketa hau da: “Gustura gaude. Estropada nahiko osoa egin dugu, aurreko egunetako gorabeherarik gabe, eta bada zerbait. Gainera, ez zaigu kale onena tokatu, baina azkenera arte eutsi diogu Pedreñari, eta pasatu ere bai bukaeran. Nekea hor dago, eta aste hau ederki etorriko zaigu indarrak hartzeko, asteburuan ez daukagulako estropadarik. Azkeneko txandakoen jardunarekin nago harrituta. Eguraldi hobea izan dute, baina hala ere, Castro eta San Pedro gertu izan ditugu”.