Mikel Olasagastiren analisia

Festa ederra

Igandean Zumaian bizitako giroa oso estropada gutxitan (inon ez esatearren) bizi izan da aurten. Goizean goiztik giro ederra nagusitu zen kalean, “gala eguneko” traje dotoreak gorde (gutxiren batek oraindik irauten zuen), eta arraun elkarteetako koloretako nikiek hartu zutelarik tokia. Talde ezberdinetako zaleak elkarrekin nahastu eta arranpla zein barra muturrean ostadarra zirudien markoa ikusteko parada izan genuen, gorria nagusi zelarik, noski!
Guzti hau ikusita, denok izaten dugu zaleen aurrean paper txukun bat egiteko nahia. Halakoetan ordea, beste askotan bezala, kirioek ez dute batere laguntzen. Urduritasuna ez da inoren lagun, baina konfiantza ere handia zen etxean estropada dotore bat egiteko behingoz. Azken urteetan ez dugu lortu zaletuen aurrean gure maila erakustea eta aurten horixe zen helburuetako bat.
Hasieratik indartsu atera ginen, baina argi geratu zen Enbata ontziak maila bat gora egin duela azken estropadetan. Larunbatean ere erakutsi zuen indartsu daudela eta eusten saiatu arren, ez genuen lortu. Lehia beraz, txandako bigarren posturako zen Pedreñarekin. Azken unera arte parean ibili ginen, baina azken txanpan aurrea hartzea lortu genuen zaleuen bultzadarekin. Azkenik txandan bigarren postua eta sailkapen nagusian, zazpigarren. Gure lanarekin gustura geratu ginen arraunlariok, baina zapore gazi-gozoa geratzen da laugarren postua 6 segundu eskasetara zegoela ikusiaz.
Orain, asteburu bat dugu estropadarik gabe, Espainiako Txapelketa jokatuko baita Castron eta gu ez baikinen bertan aritzeko sailkatu. Horrenbestez, 6 segundo eskas horiek irabazteko gogor entrenatzen jarraitu beharko dugu, hurrengo Zarauzko Estropadetan emaitza hobea lortu ahal izateko. Zarauzko Enbata ontziak Zumaian irabazi ostean, ea Zumaiako Telmo Deun ontziak Zarautzen irabazten duen. Horixe da gure hurrengo helburua!

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude