Senior gizonezkoen batela ere ariko da gaur, etxeko estropadan

Gaur, 17:00etan hasita, Zumaian jokatuko da Gipuzkoako batel ligako zortzigarren estropada. Etxekoen artean berritasunarekin, gainera. Izan ere, senior gizonezkoen ontziak parte hartuko du, sasoi honetan aurrenekoz. Maila horretan sei batel lehiatuko dira; orain arte, lau aritu izan dira (Mutriku, Kiriko, Hernani eta Fortuna). Zumaiarrekin batera, San Juan A ere lehian izango da, eta etxekoen eta pasaitarren artean egongo da garailea, oker handirik ezean.Beste mailetan, Zumaiako Arraun Elkarteak aurreko estropadetako ontziak ureratuko ditu: emakumezkoetan, jubenil-seniorretan bi batel; eta gizonezkoetan, batel bana infantil, kadete eta jubeniletan.Zumaiako arraunzaleek hitzordua daukate gaur arratsaldean. Gizonezko seniorrak lehian ikustea erakargarria da, eta emakumezkoetan ere, zaleen babesa beharko dute, bateletako bat Ligako lider delako, eta lehiaketa irabazteko aukera asko dituelako.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude