Lanaren beste erdia egitea falta da

Irabazi egin du Zumaiak San Miguel Ligako igoera-jaitsierako lehen estropada. Camargo izan da bigarren, Meira hirugarren eta Santurtzi laugarren. Zumaiak lau puntu dauzka, Camargok hiru, Meirak bi eta Santurtzik bat. Bihar erabakiko da zein bi talde ariko diren San Miguel Ligan datorren denboraldian. Portugaleteko estropada 12:00etan da, eta erlojuaren aurka lehiatuko dira, gaur bezala. Irteera ordena hau izango da: Santurtzi, Meira, Camargo eta Zumaia.Telmo Deunek hasieratik hartu du estropada burua, eta aldeak areagotzen joan da. Estropadaren bigarren erdian 8 segundo kentzen zizkion bigarrenari, Meirari, eta 10na Camargori eta Santurtziri. Hirugarren eta laugarren luzean Camargok gora egin du, eta 8 segundo jan dizkio Zumaiari. Azkenean, bi segundoko aldea egon da zumaiarren eta espainiarren artean. Meira 16ra gelditu da, eta Santurtzi 18ra. Azken sailkapenean puntu berdinketa badago, bi egunetako denborak batuko dira, eta halako zerbait gertatzen bada, oso garrantzitsua da gaur Zumaiak Meirari eta Santurtziri ateratako alde handia.Luxiak hau adierazi du gaurkoari eta biharkoari buruz: “Lana biribiltzea falta izan zaigu. Oso indartsu atera gara, batere erreferentziarik ez genuen, eta agian, azken luzean, ordaindu egin dugu hasierako ahalegina. Azken luzean ez gara ondo etorri, eta arrazoia hori izan daiteke, edo bestela, arraunean presaka aritu garela. Kontuak kontu, aurrena gaude, eta bihar lan hobea egingo  dugula uste dut. Azkenak aterako garenez, erreferentziak edukiko ditugu, eta garrantzitsua izango da hori. Meirari eta Santurtziri alde handia atera izana ere gure alderako da”.Gaurko denborak eta sailkapeneko puntu banaketa: http://www.ligasanmiguel.com/resultados/ver.php?id=eu&r=1269260064

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude