Telmo Deun bederatzigarren Getxon

Telmo Deun bederatzigarren izan da Getxoko Estropadan. Txanda bukatu eta gero, errekurtsoa aurkeztu dute klubeko ordezkariek, azken luzean Zarautz eta Cabo zumaiarren kalean ibili direla argudiatuta. Baina epaileek, oraingoz, behintzat, ez diote erantzunik eman.

Sailkapenak ‘sailkapenak’ atalean daude.

Luxiak honela aztertu du gaurkoa: “Lehen bi luzeetan ederki joan gara, baina beste bietan ezinean aritu gara. Nekea ari gara nozitzen, eta osteguneko estropadak ere ez digu mesede handirik egin. Horrez gain, azken luzean, ondo gentozen momentuan, Zarautz eta Cabo gure kalean sartu dira, eta itxi egin gaituzte”.

Goikok hau esan du errekurtsoaz: “Uretako epaileak beren kalerantz bidali ditu azken luzean Zarautz eta Cabo, baina ez diote kasurik egin. GPSan garbi ikusten da nola etorri diren gure kaletik, eta horrek kalte egin digu, olatu denak kendu dizkigutelako”.

Hiru zumaiar Trophee Teink estropadan

Aurten ere jokatu da batelen Trophee Teink estropada. Hamaseigarren ekitaldia izan da, eta hamasei ontzi aritu dira, tartean hiru zumaiarrek osatutakoa: Xebastian Leitzak, Jon Larrañagak eta Joseba Urbietak.
Asteartean ekin zioten lanari, Bilbon, eta gaur heldu dira Donibane Lohizunera, ibilbidea etapetan eginda: Bilbo-Bermeo; Bermeo-Lekeitio; Lekeitio-Orio; Orio-Donostia; eta Donostia-Donibane Lohizune. Estropada Ur Ikarak elkarteak antolatzen du, eta Pirinioen bi aldeetako euskaldunen arteko elkarbizitza eta batasuna sustatzeko helburua dauka.

Bihar, Zumaiako XXIII. Ikurrina

Bihar herriko estropada jokatuko da, San Miguel ligako 11. estropada puntuagarria. 12:00etan ekingo diote lanari arraunlariek, eta txandak gaur Getxon jokatuko den estropada ondoren zehaztuko dira, sailkapen nagusia kontuan izanda.
‘Goiko’k hau esan zuen estropadaz aurkezpenean: “Badakigu estropada irabaztea ia-ia ezinezkoa izango dela. Gure helburua bigarren txanda irabaztea izango da, herritarren aurrean helburu hori lortzen badugu, pozik egoteko moduan izango gara eta”.

Mikel Olasagastiren analisia Euskadiko Txapelketaz

Sari txikia estropada onarentzat

Ostegunean Lekeition jokatu genuen Euskadiko Txapelketa eta gure txandan Gipuzkoako eta Bizkaiko Txapelketetako 3 eta 4. sailkatuak izan ginen. Txanda dotorea zen lehen begiradan, Hondarribiarrak gorantz baitatoz azken aldian eta parez-pare lehiatzeko gogoa baikenuen.

Lehen unetik argi geratu zen bi taldeok ginela indartsuenak, bizkaitarrek ezin izan baitzuten gure erritmoari eutsi. Lehen bi luzeak bikainak izan ziren, baina 3.luzean Hondarribiak aurre hartu eta lehen postuari eutsi zion amaiera arte. Gu saiatu ginen erritmoa igo eta Ama Guadalupekoa ontziari aurre hartzen, baina indarrik ez zegoen jada. Azkenean 6 segundoko aldea izan zen, medaila lortzeko nahikoa izango ziren 6 sugundoak.

Ohorezko txandan berriz, lehen estropada erdi lehiatua ikusi genuen Orio, Urdaibai eta San Pedrorekin. Baina 2. ziabogatik aurrera Urdaibai argi eta garbi nagusitu zen. Izugarrizko potentziala du talde honek eta estropada burua hartu eta euren erritmoa markatzen badute, oso zaila da hauei eustea. Orio saiatu zen, baina lehertuta geratu zen eta San Pedrok 10 segundu galdu zituen.

Gu gustura geratu ginen eginiko estropadarekin. Bagenekien txanda irabaziz gero medaila ez zela urruti izango eta gure pronostikoak egi bihurtu ziren. Beraz, Lekeitiotik ekarri genuen gauza bakarra, kolore pixka bat izan zen, eguzkia franko hartzeko aukera izan baikenuen. Gure traineruan gorria inoiz baino nabariagoa zen eta batek baino gehiagok karramarroa zirudien. Sari txikia eginiko estropadagatik!

Eta orain zen? Denak igandean Zumaian jokatuko den estropadari begira daude, baina ez da ahaztu behar aurrez Getxon aritu beharko dugula. Txanda betikoa izango da eta helburua ere bai: txanda irabazi eta ea gero posturen bat irabazteko aukera dugun.

Emakumeen Euskadiko Txapelketa, bertan behera

Emakumeen Euskadiko Txapelketa jokatu, jokatu da, baina epaileek emaitza baliorik gabe utzi dutela esan berri du Euskadi Irratiak. Uretan, Hondarribiak irabazi du, eta Zumaia-Getaria bigarren sailkatu da, bi segundo eskasera. Hirugarren gelditu da Tolosaldea, hogeita bi segundora. Baina Zumaia-Getariak ez du balekotzat jo estropada, kanpoko baliza zazpi metro atzerago zegoelako beste bi balizen aldean. Estropada hortxe galdu dutela argudiatuta, epaileek arrazoia eman diotela esan du EIk. Beste egun batean jokatuko dela iragarri du Euskal Federazioak.

Arazoak alde batera lagata, honela aztertu du estropada Libana Taboada patroi zumaiarrak: “Gipuzkoako Txapelketan baino hobeto egin dugu arraunean. Orduan oso urduri atera ginen. Gaur, segundo bategatik ez dugu irabazi, eta ez da asko. Uste dut denok hobetu dugula. Aurrera jarraitu behar da, estropada gehiago daudelako. Kontxaz gain, Hondarribiko estropada ere ba omen dago”.

Telmo Deun bosgarren Euskadiko Txapelketan

Telmo Deun bosgarren izan da Euskadiko Txapelketan. Lehen txandan aritu da, eta bigarren egin du, Hondarribiarengandik sei segundora.
Txapelketa Urdaibaik irabazi du, eta ondoren, San Pedro, Hondarribia, Orio, Zumaia, Kaiku, Isuntza eta Arkote sailkatu dira.
Espainiako Txapelketara lehen hirurak joango dira.

Luxiak hau esan du gaurkoaz: “Estropada txukuna egin dugu. Lehen bi luzeetan hobeto moldatu gara. Hirugarrenean, olatuxka batzuen erruz, nahasi egin gara, eta hor joan zaigu Hondarribia”.

Mikel Olasgastiren analisia

Gaizki hasitakoa ezin ondo bukatu 

Esaerak dioen bezala, gaizki hasitakoak ezin du ongi bukatu! Arraunlarioi halako zerbait gertatu zaigu, nahiz eta igandean eginiko estropadak asteburua nolabait itxuratzea lortu duen. 
Ostiralean ekin genion Galiziaranzko bidaiari autobusez. Zortzietan genuen hitzordua, baina bati maindireak itsatsi eta… 8:30etan irten ginen. Ezustekoz beteriko bidaia izan zen ordea: txofer berria, arraunlarion artean kazetari bat… Dena ongi zihoan, baina 3 ordu igaro ostean, taldekide batek inork desio ez duen dei bat jaso eta etxerako bidea hartu behar izan zuen amonaren heriotza zela eta. Denok triste jarri ginen, baina berak altxa zizkigun animoak: “Bandera irabazi ta kito!”  
Berak etxerako bidea hartu bezain pronto, guk gureari jarraitu genion. Batzuk karta jokoan, besteak pelikulak ikusten, gutxi batzuk irakurtzen eta besteren bat lo. Hamar orduren ostean iritsi ginen Boirora eta entrenamendu labur bat egin ostean, hotelera joan ginen zerbait afaldu eta lotara.  
Larunbata ere iritsi zen eta gosaltzen geundela beste albiste txar bat: “Arraun elkartean lapurreta egin dute”, esan digu Goiko presidenteak. Albiste horrek erdi lo hartu gintuen eta komentario batzuk egin ostean, kalera bueltatxo bat ematera. Bazkalostean siesta txiki bat eta 15:00etan abiatu ginen Moañara. Haize handia zegoen, ohikoa den bezala eremu haietan, baina itsasoa ez zegoen zakarra. Irteeratik ez ginen ongi hasi eta amaiera ere halakoa izan zen: txandan azkenak eta sailkapen orokorrean 9.enak. “Urteko estropada txarrena izan dek, baina iritsiko dituk hobeak”. Arraunlariok burumakur geunden, baina igandean genuen animoak altxatzeko aukera. 
Igandean amorruz irten ginen eta estropada burua hartzea lortu genuen. Baina 4.luzean ihes egin zuten Pedreña eta Zarautzek, guk 3.postuarekin konformatu beharrarekin. Estropada bitxia izan zen, 6 luze eta 5 ziabogetara. Zerbait aipatzearren Jokin Guijarro patroiaren debuta aurtengo San Migel Ligan.   
Ikusi duzuen bezala, ezustekoak eta albiste txarrak nagusitu ziren bidaia honetan arraunlarien artean. Igandean etxean jokatzen dugu, Zumaiako Ikurriña jokatzen baita. Animo faltagatik ez izatea espero dugu eta arraunlariok gure partetik dena emango dugu postu on bat lortzeagatik. Halere aurrez, ostegunean Euskadiko Txapelketa jokatuko dugu Lekeition. Ea oraingoan astea ongi hasi eta hobeto amaitzea lortzen dugun!

Telmo Deun bederatzigarren eta zazpigarren Galizian

Sailkapenak ‘sailkapenak’ atalean daude.

Luxiak honela ikusi zuen igandekoa: “Gustura, gustura ere ez gaude. Lehen hiru luzeetan ondo aritu gara, baina gero, jaitsi egin gara; agian, bezperako nekearen eraginez. Gauza onak ere izan dira, hala ere. Esaterako, patroiarena. Jokin Gijarro aritu da gaur, eta lan ona egin du”.