Telmo Deun Mutrikun izango da larunbatean, denboraldi-aurreko estropadan

Telmo Deuneko arraunlariek estropada izango dute asteburu honetan ere. Larunbatean izango da, Mutrikun, 16:30ean hasita, eta denboraldi-aurreko beste proba bat izango da.

Zumaiarrak azken-aurreko txandan aterako dira, Ondarroa eta Getariarekin batera. San Miguel ligako beste hiru traineru ere izango dira lehian bihar Zumaiarekin batera; azken txandan joango direnak, hain zuzen: Orio, Hondarribia eta San Juan.

Mutriku_16 (1)

Zumaia bosgarren Ondarroako traineru estropadan; Zumaia B hamahirugarren.

Ondarroako traineru estropadan, gaur eguerdian, Zumaia bosgarren izan da, eta Zumaia B hamahirugarren. Urdaibaik irabazi du. Erlojuaren aurka aritu dira.

1. Urdaibai 20.41
2. Portugalete 20.43
3. San Juan 20.59
4. Deustu 21.03
5. Zumaia 21.16
6. Ondarru 21.19
7. Kaiku 21. 22
8. Zierbena 21.25
9. Hondarribia B 21.30
10. Orio B 22.36
(…)
13. Zumaia B 22.07
(…)
21. Kaiku B 21.58

Asteburuko estropadak

Bete-betea dator asteburua Zumaiako arraunlarientzat. Estropada askotan ariko dira.

Traineruetan, Telmo Deun Ondarroan izango da larunbat eguerdian, denboraldi-aurreko estropadan parte hartzen. Hilabete baino gutxiago falta da ekainaren 19an San Miguel liga hasteko (Zumaia liga nagusian ariko da hiru urteren ondoren), eta test ona izango da prestakuntza nola doan ikusteko. Zumaia B ere Ondarroan izango da. Erlojuaren aurkako estropada izango da, hiru txandetan banatuta. Zumaia B aurrenekoan joango da, eta Zumaia A azkenekoan, aurkariak hauek dituela: Portugalete, Zierbena, San Juan, Urdaibai eta Kaiku. 12:00etan aterako da lehen txandako aurreneko ontzia.

Trainerilletan, bukatu zela denboraldia zumaiarrentzat azaldu genuen astearen hasieran, baina Euskadiko Txapelketan parte hartzeko aukera orain ez dago Gipuzkoako Txapelketako sailkapenaren arabera, eta Zumaiako jubenilen ontzia Mutrikun izango da larunbatean, 16:30etik aurrera estropadan parte hartzeko. Aurreneko lau denbora onena egiteko gai badira, finalean izango dira igandean (11:00). Hala ez bada, bosgarrenetik zortzigarrenera bitarteko denbora egin dutenek kontsolazio finala jokatu beharko dute. Jubeniletan, larunbatean, 11 talde ariko dira lehian.

Traineruetan eta beteranoetan, Ligako bigarren estropada izango dute igandean, Orion, eta hantxe izango dira Zumaiako Beteranoak. 11:00etan hasiko da estropada. Erlojuaren aurka ariko dira, bi txandetan banatuta. Zumaiarrak bigarrengoan aterako dira, Deusturen atzetik, eta Getxo eta Arkoteren aurretik.

Bukatu da trainerilla denboraldia Zumaiarentzat

Gipuzkoako Trainerilla Ligako azkeneko estropada jokatu zuten atzo Hondarribian, eta gaurko Gipuzkoako Txapelketara sailkatzeko estropada ere bazen.

Zumaiak emaitza hauek atera zituen atzo:

-Jubenilak: zazpigarren.
-Seniorrak (Federazio Saria): seigarren.
-Seniorrak (Liga): zazpigarren.

Ligako sailkapenean, honela bukatu dute:

-Jubenilak: bosgarren.
-Seniorrak (Liga): zazpigarren.

Gipuzkoako Txapelketan aritzeko ez ziren sailkatu zumaiarrak, baina aukera hori izan ez duten ontziek Federazio Saria jokatu dute, Hondarribian bertan.  Jubeniletan eta seniorretan aritu dira zumaiarrak, eta bigarren egin du bi mailetan. Gutxi behar izan dute biek Saria irabazteko, segundo bat bakarrik atera dielako Hernanik jubeniletan, eta bost segundo Zarautzek seniorretan.

 

Trainerilla Ligako hirugarren estropadako emaitzak

Gipuzkoako Trainerilla Ligako hirugarren estropada jokatu zuten larunbatean, Orion. Han izan zen Zumaia, hiru ontzirekin, hirurak gizonezkoenak: jubeniletan bat, eta seniorretan bi.

Jubenilak seigarren izan ziren; seniorretan, Federazio Sarian ari den trainerilla bederatzigarren sailkatu zen, eta Ligako lehian ari dena zortzigarren.

Sailkapenak, hemen: http://www.fgremo.com/data/docs/resultados/160507_orio.pdf

Igandean zen jokatzekoa laugarren jardunaldia, Getarian, baina bertan behera geratu zen, haize handia zebilelako.

Hiru jardunaldi jokatu ondoren, hauek dira sailkapenak: http://www.fgremo.com/data/docs/clasificaciones/puntos_trainerillas20.pdf

Hurrengo bi estropadak datorren asteburuan izango dituzte. Larunbatekoa Pasai Donibanen zen jokatzekoa, baina Getarian izango da azkenean (17:00etan). Igandekoa Mutrikun da (11:00etan).

Infantilak laugarren Espainiako Batel Txapelketan

Vigon (Galizia), jokatu dute larunbatean eta igandean Espainiako Batel Txapelketa, eta Zumaiako Arraun Elkarteko infantil gizonezkoek laugarren egin dute. Finalerako sailkatu ziren larunbatean, beste lau talderekin batera, eta igandeko estropadan, finalean, ezin izan zuten dominarik irabazi; gutxigatik, baina ezin. Izan ere, oso tarte txikian sartu ziren bigarrena, hirugarrena eta laugarrena. Rianxok irabazi zuen (4.31), Castro izan zen bigarren (4.34), Cabo hirugarren (4.35), Zumaia laugarren (4.36), eta Bueu bosgarren (4.43).

Denboraldi bikaina egin dute Iñaki Aristi eta Aitor Alzibarrek entrenatu dituzten arraunlariek. Gipuzkoan eta Euskadin txapelketak irabazi zituzten, eta Gipuzkoako liga ere bereganatu zuten.

Horrenbestez, amaitu da batel denboraldia.

Orain, trainerillen  txanda izango da, eta hain zuzen, aurreko asteburuan ekin zitzaion Gipuzkoako ligari. Donostian lehiatu ziren larunbatean, eta Zarautzen igandean. Zumaiako jubenil  eta senior gizonezkoek egin zuten arraun larunbatean, eta jubenilek bakarrik igandean. Laugarren egin zuten jubenilek bi estropadetan, eta seigarren seniorrek larunbatean.

Hurrengo bi estropadak datorren asteburuan dira: larunbatean, Orion, 16:00etan, eta igandean, Getarian, 11:00etan.

Espainiako Batel Txapelketan izango dira infantilak asteburuan, Vigon

Espainiako Batel Txapelketa jokatuko dute asteburuan Vigon (Galizia), eta han izango da Zumaiako infantil gizonezkoen batela. Sailkatze estropada larunbatean daukate, 17:00etan, eta finalak igandean izango dira. B mailako finalak (kontsolazio finalak) 10:00etan hasiko dira, eta final nagusiak 12:00etan.

Zumaiarren aurkariak hauek izango dira: Cabo da Cruz, Rianxo, Mar de Bueu eta Robaleira (Galizia); Castro eta Camargo (Kantabria); eta Orio, Bermeo eta Santurtzi (Euskal Herria).

Denboraldi ezin hobea ari dira egiten gure arraunlariak, dena irabazi baitute: Gipuzkoako liga eta txapelketa, eta Euskadiko txapelketa.

Gipuzkoako Trainerilla Liga hasiko da asteburuan: bi estropada jokatuko dira

Larunbatekoa 10:30ean hasiko da, eta Donostiako Loiola auzoan jokatuko da. Igandekoa Zarautzen da, 11:30ean.

Zumaiak bi trainerilla izango ditu uretan: jubenil gizonezkoena eta senior gizonezkoena.

Zazpi jardunaldiz osatua dago Liga, eta maiatzaren 21ean bukatuko da. Hurrengo egunean jokatuko dute Gipuzkoako Txapelketa.

Ikurriña, eta brontzezko domina Euskadiko Batel Txapelketan

Ederra joan da Euskadiko Batel Txapelketa Zumaiako Arraun Elkartearentzat. Urrezko domina eta brontzezko bana ekarri zituzten arraunlariek Legutioko urtegitik (Araba).

Infantil gizonezkoek txapelketa irabazi zuten. Bermeo, Santurtzi eta Arkote atzean utzi zituzten atzoko finalean. Hiruna segundo atera zieten Bermeori eta Santurtziri, eta bederatzi Arkoteri. Denboraldi paregabea daramate Aitor Alzibar eta Iñaki Aristik entrenatzen dituzten arraunlariek. Gipuzkoako bi lehiaketetan nagusi izan ziren (Ligan eta Txapelketan), eta orain, Euskadikoarekin osatu dute garaipen zerrenda potoloa.

mutilak ikurriña

Brontzezko domina emakumezkoek ekarri zuten, seniorren mailan. Atzoko finalean, San Juanek irabazi zuen, Hibaikaren aurretik (segundo berean sartu ziren biak), eta zumaiarrek Kaiku utzi zuten atzean; lehen biek hogei segundo sartu zizkieten zumaiarrei, eta hauek bi segundo Kaikuri.  Gipuzkoako Txapelketan ere brontzezko domina lortu zuten; denboraldi ona izan da hauentzat ere.

neskak podium

Espainiako Txapelketa, asteburuan

Euskal Herriko lehiaketak bukatu dira txapelketarekin, baina ez batel denboraldia. Espainiako Txapelketa jokatuko da datorren asteburuan Vigon (Galizia). Hantxe izango da infantil gizonezkoen batela.

Beteranoen traineru estropadan, Zumaia garaile etxean

Bestalde, beste estropada bat ere jokatu zuten larunbatean Zumaiako arraunlariek. Traineruen arteko lehia izan zen, eta Zumaian bertan izan zen. Beteranoen estropada izan zen, eta zumaiarrak izan ziren azkarrenak erlojuaren aurkako lehian.

Sailkapena:

1. Zumaia: 12:18.

2. Arkote: 12:30.

3. Getxo: 12:57.

4. Fortuna: 13:07.

5. Zarautz: 13:11.

6. Sestao: 14:01.

beteranoak

Euskadiko Batel Txapelketan ariko da Zumaia asteburuan

Batel denboraldiko azkeneko estropada jokatuko dute asteburuan,  Legutioko urtegian (Araba). Txapelketetan handiena izango dute jokoan: Euskadikoa. Hantxe izango da Zumaia, eta maila guztietan izango du ordezkaritza, jubenil gizonezkoetan eta senior gizonezkoetan izan ezik.

Larunbateko estropadan erabakiko da zein lau batel sailkatuko diren igandeko finaletara. Lau denbora onena lortzen dutenek lortuko dute finalerako txartela. Biharko estropada 16:00etan hasiko da, eta igandekoa 11:00etan.