Urrategi Egaña eta Xabin Yeregiri tokatu zaizkie arrain eta mariskoaren otarrak

Azaldu dira saridunak: Urrategi Egaña eta Xabin Yeregi. Biak izan dira Arraun Elkarteak egindako arrain eta marisko otarraren zozketan saridunak. Zorionak eta on egin!
Argazkian: Urrategi Egaña, Antonio Amilibia (zuzendaritzako kidea) eta Xabin Yeregi, Batela arraindegiaren kanpoaldean.

arrauna saridunak otarra

Ametsik politena, errealitatea

zumaiasanmiguel-6_content
Gorka Zabaleta. baleike.eus

Bi asteburu bakarrik behar izan dira laino beltzak urrundu eta eguzki izpiak ateratzeko Telmo Deunaren inguruan. Bi baino ez. Galiziarako bidaia luzea Portugaletetik hamar puntu atzetik egin zuten gure arraunlariek; bueltan, zortzikoa zen tartea; gaur, bostekoa da, asteburu honetako bi estropadetan gure arraunlariek egindako lan zoragarriari esker.

Larunbatean, Pasaian, puntu alea jan zioten Portugaleteri, 11. egin eta gero. Atzo, etxean, herrian, Zumaian, bi puntu gehiago sartu zizkion, Astillero bien tartean sailkatu zelako. 10. egin zuten atzo gure arraunlariek, eta zaleak txoratzen ibili zituzten estropada erdia pasa arte. Izan ere, lehen bi luzeetan aurrena izan zen Telmo Deun, eta aurkariak ez ziren edozein: Portugalete bera, eta batez ere, Zierbena eta Cabo. Hirugarren luzean, bigarren zen, eta azkenean, hirugarren bukatu zuen, lan handia bezain ona eta emankorra egin ondoren. Bederatzi segundo sartu zizkon Portugaleteri.

Orain, asteburu bateko atsedena izango du San Miguel ligak, eta abuztuaren 13an eta 14an Zarautzen berrekingo dio lehiaketari. Itsaso zabalean, eremu ikusgarri eta ederrean, aukera ona dauka Zumaiak Portugaleteri beste puntu batzuk jateko. Sei estropada falta dira, eta duela bi aste ezinezkoa zirudiena lor daitekeela ari dira erakusten gure arraunlariak. Ametsik politena, errealitatea.

KAE 2 ligan, etxeko bandera ia etxean geratu zen

Zumaia Bko arraunlariek ere lan bikaina osatu zuten larunbatean, herrian bertan. Bigarren egin zuten, eta Oiartzun ligako buruak baino ez zituen gainditu. Bere txanda ondo irabazi eta gero, azkenekoan Oiartzun bakarrik izan zen gai zumaiarren denbora ontzeko.

Igandean, Sestaon, emaitza ez zen hain ona izan, eta 11. egin zuten erlojuaren aurka. Sailkapenean zazpigarren daude.

Hurrengo asteburuan, larunbatean bakarrik izango dute estropada. Pasaian izango da, erlojuaren aurka eta binaka. 17:00etan hasiko da.

arraunazumaia-16_content
Gorka Zabaleta. baleike.eus

Beteranoek hirugarren bukatu dute liga

Lanak amaitu dituztenak Zumaiako Beteranoak izan dira. Larunbatean eman zioten akabera ligari, eta hirugarren onenak izan dira. Getxon ere hirugarren bukatu zuten.

Arkotek irabazi du lehiaketa, Getxo eta Zumaiaren aurretik.

beteranoak zumaian

Arraun asteburua Zumaian

Gozatu ederra hartuko dugu asteburuan herrian, arrauna maite dugunok. Lau estropada jokatuko dituzte larunbatean eta igandean. Hauxe da egutegia:

  • Larunbata: 17:00etan, Gipuzkoako liga. 

Partaideak talde hauek izango dira: Getaria-Zarautz, Hernani, Arraun Lagunak, Deustu, Colindres eta Hondarribia.

  • Larunbata: 17:30ean, KAE 2 liga.

Hamargarren jardunaldia izango da, eta hamalau talde ariko dira arraunean, tartean Zumaia B. Sailkapenean, seigarren daude zumaiarrak.

  • Igandean, 12:00etan, Euskotren liga. 

Bosgarren jardunaldia izango dute lau talde hauek: San Juan, Hibaika, Orio eta Cabo da Cruz.

  • Igandean, 12:30ean, San Miguel liga. 

Hamaikagarren jardunaldia izango dute jokoan hamabi taldeek, eta lehian izango da, nola ez, Zumaia.

zumaian estropada

Boluntarioen beharra eta zaleei deialdia

Zumaiako Arraun Elkarteko kideentzat lanez betetako asteburua izango da, eta deialdia egin du elkarteak boluntario eske. Edozein eratako laguntza ondo hartua izango da, eta zenbat eta jende gehiagok lagundu, errazago moldatuko dute asteburua. Lagundu nahi duenak, telefono zenbaki honetara deitu behar du: 629835567.

Bestalde, zumaiarrei dei berezia luzatu die Arraun Elkarteak: gorriz janzteko, eta azaltzeko estropada ikustera, Paol muturrera, gure arraunlariei animoak emateko. Atzoko aurkezpenean, hau esan zuen Anjel Etxanizek, presidenteak: “Zumaiar asko joaten gara Kontxara urtero, baina gero, inguruko estropadetara, oso gutxi. Aldatu beharra dago hori, eta Donostiara bezala hasi beharko genuke inguruko estropadetara joaten gure arraunlariak animatzera. Herrian izanda estropadak asteburuan, aukera ederra daukagu kamixeta gorria jantzi eta gure arraunlariak animatzeko”.

Estropada gehiago, herritik kanpo

Zumaiakoak ez dira izango asteburuko estropada bakarrak. San Miguel ligan, larunbatean, Pasaian (18:30), hamargarren jardunaldia izango dute jokoan, oso eremu berezian: sei luze eta bost ziabogatara jokatu beharko dute. Lehen txandan joango da gure Telmo Deun, alboan talde hauek dituela: Portugalete, San Pedro eta Zierbena. Aurreko asteburuan Galizian bi puntu jan zizkieten gure arraunlariek Portugaletekoei, eta bide horretan jarraitu beharrean dira. Orain, zortzi aurretik dira bizkaitarrak.

Zumaia Bk igandean izango du KAE 2 ligako hamaikagarren estropada. 12:00etan hasita, erlojuaren aurka lehiatuko dira Sestaon.

Beteranoek ere lana izango dute asteburu honetan, eta berezia izango da, gainera, ligako azkena dutelako. Getxon ariko dira, 16:30etik aurrera. Zumaiarrak hirugarren daude sailkapenean.

Oso bizirik dago Telmo Deun

Galiziako asteburu hau ondo gogoan geratzeko moduan dago. Izan ere, San Miguel ligako bi estropadetan (Moañan eta Boiron), gure arraunlariek bi puntutan murriztu dute Portugaletekoek ateratzen zieten aldea, eta orain, zortzi dituzte alde bizkaitarrek. Azkeneko asteetako joera txarra eten du Telmo Deunek, eta Galiziakoa inflexio puntua izateko bidean da.

Zortzi estropada falta dira zehazteko zein talde jaitsiko den eta zeinek jokatuko duen kanporaketa, eta aldea zortzikoa izanik, matematikak beste itxura bat dauka orain, Galiziako bi emaitza onei esker. Larunbatean, Moañan, 11. izan zen, azkeneko luze bikaina egin eta Portugalete atzean utzita; igandean ere 11. izan zen Zumaia, baina erabateko nagusitasunez azpiratu zuen aurkaria: 14 segundo sartu zizkion. Pena bakarra izan zen haizek ez ziola lagundu beste txandetako talderen bat bien artean sartzen. Baina igandean bezalako aldeak errepikatzen badira hemendik aurrera zumaiarren eta Portugaleteren artean, ziur asko sartuko dira beste talde batzuk bien artean, eta horrek aukera emango die zumaiarrei sailkapeneko aldea azkarrago murrizteko.

zumaia boiron
Maider Celada. ligasanmiguel.com

Konfiantzaz gainezka, animoz lepo eta indartsu itzuli dira gure arraunlariak Galiziatik, eta aldarte egoki horrekin ekingo diote beste bi estropadako asteburuari. Berezia izango da, gainera. Izan ere, igandean, uztailaren 31n, herrian bertan daukagu estropada. 12:00etatik aurrera, Euskotren liga lehendabizi, eta gero San Miguel ligako izango dira. Galizian zumaiar asko bildu da gure arraunlariak animatzeko, eta hemendik esker ona adierazi nahi diegu zaleei, asko lagundu dielako arraunlariei. Estropada Zumaian izanda orain, ez dago aitzakiarik zumaiarrentzat: gorriz jantzita joan behar da estropada ikustera. Gure arraunlariek Paolaldeko bide guztia eta estropada ikusteko lekua gorriz jantzita ikusten badute, orain daukaten konfiantza, animoa eta indarra hirukoiztu egingo zaizkie.

Larunbateko estropada, Pasaian da, 18:30ak aldera, Euskotrenekoaren ondoren. Bost ziabogatara jokatuko da estropada hori.

arraunlaiak eta zaleak galizian
Arraunlariak eta zaleak elkarrekin, Moañan. Ainitze Aizpurua

KAE 2 ligako taldeak ere bi estropada izan zituen asteburuan. Larunbatean, Mundakan, zazpigarren izan zen, eta igandean, Sestaon, hamabigarren. Sailkapen nagusian seigarren dira gure harrobiko arraunlariak. Hauentzat ere berezia dator hurrengo asteburua, Zumaian bertan izango dutelako estropada. Larunbatean izango da, 17:30etik aurrera. Hauek ere eskertuko dute zaleak gorriz jantzita ikustea. Aurretik, 17:00etan, Gipuzkoako liga estropada jokatuko da Zumaian bertan.

Igandean, Sestaon ariko dira, 12:00etatik aurrera, erlojuaren aurka.

Beteranoek urruti izan zuten estropada, San Vicente de la Barqueran (Espainia), eta hirugarren izan ziren.

 

Bagoaz, Galizia!

Telmo Deuneko gure arraunlariak  Galizian izango dira larunbat eta igande honetan, San Miguel ligako zortzigarren eta bederatzigarren estropadak jokatzeko. Bihar, Moañan dute estropada, 18:00etan, eta lehen txandan ariko dira zumaiarrak, Portugalete, San Pedro eta Zierbenarekin batera. Igandean, 12:00etan, Boiron izango dute lehia, eta txandak biharko estropadako emaitzaren arabera osatuko dituzte.

Sailkapenean azkena izan arren, Portugaletek 10 puntuko aldea atera arren, eta azkenaldian kolpe handia hartu arren itsasoko bi estropadetan, gure arraunlariak bizi-bizi daude eta animoz gainezka. Badakite gai direla sailkapenari buelta emateko, eta horretan hastera doaz Galiziara.

KAE 2 ligako Zumaia Bk ere bi estropada izango ditu asteburuan. Larunbatean, Mundakan ariko da, 17:30etik aurrera, eta igandean, Sestaon, 16:30ean (erlojuaren aurka). Sailkapenean, bosgarren dira gure arraunlariak.

Beteranoek ere lana izango dute bihar. San Vicente de la Barqueran (Espainia) daukate estropada, 19:00etan hasita. Ligako zortzigarren estropada da, eta zumaiarrak laugarren daude sailkapenean.

Galiziara begira

Joan zen joan aurreko asteburua ere, eta Telmo Deunek berriro ere ez zuen zortea lagun izan itsasoko estropadan. Getxon, kale zozketan joan zitzaizkion emaitza ona ateratzeko aukera guztiak, duela bi igande Donostian gertatu zen bezala, eta aurrekoan Zierbenan bezala. Azkena egin zuen Getxon ere, Donostian bezala.

Eta nola Portugalete, mailari eusteko aurkari zuzena, zortez dabilen kale zozketetan, beste hiru puntu gehiago sartu zizkion Telmo Deuni San Miguel ligako sailkapenean. Orain, 10 puntukoa da aldea bizkaitarren alde, zazpi estropada jokatu eta gero.

Galiziara begira daude orain gure arraunlariak. Asteburuan, hantxe izango dira ligako bi estropadak, eta ea zorte ona azaltzen den sorginen lurralde horretan, beharra badago eta. Bestela, taldea bere esku dagoen guztia ari da egiten, eta ezin zaie gehiago eskatu arraunlariei.

Zumaia Bk ere bi estropada izan zituen asteburuan, eta batean eta bestean zazpigarren egin zuen. Sailkapenean, bosgarren daude gure harrobiko arraunlaiak. Nabarmendu beharra dago 15 urteko patroiak egin zuela debuta asteburuan zumaiarrekin: Alex Arribasek. Hurrengo larunbatean, Mundakan daukate estropada, eta igandean, Sestaon.

Beteranoak Plentzian aritu ziren larunbatean, eta bosgarren egin zuten. Sailkapenean laugarren daude. Hurrengo larunbatean San Vicente de la Barqueran (Espainia) dute ligako estropada.

Asteburuko estropadak

San Miguel ligan, bi estropada jokatuko dituzte asteburuan. Larunbatean, Bilbon, erlojuaren aurka ariko dira, liga honetan laugarren aldiz, eta hantxe izango da Telmo Deun, joan zen igandeko emaitza txarra hobetzeko asmoz eta indarrez. Sailkapenean azkena da, eta hasi beharra dauka Portugaleterekin eta San Pedrorekin aldea txikitzen (6na puntu aurretik dira). Bilboko estropada 18:20 aldera hasiko da, Euskotren ligakoa amaitu eta gero (hau 18:00etan da).

Igandean, Getxon ariko dira zumaiarrak, eta biharko estropadako sailkapenak zehaztuko ditu txandak. 12:20 aldera hasiko da gizonezkoen estropada, emakumezkoena bukatu eta gero.

KAE 2 ligan ere, bi estropada izango dituzte asteburuan. Larunbatean, Pasaian ariko dira, 17:30ean, erlojuaren aurka, eta igandean, Getxon, 14:00etan (San Miguel ligakoa bukatu eta gero). Zumaiarrak hirugarren daude sailkapenean.

Beteranoen ligan, Plentzian dute estropada larunbatean, eta hantxe izango dira Zumaiako Beteranoak. 13:30ean hasiko da. Zumaiarrak hirugarren daude sailkapenean.

Larunbatean irabazitakoa eta gehiago galdu igandean

Igande beltza izan zen atzokoa Telmo Deunentzat. Donostian zen San Miguel ligako bosgarren estropada, eta Zumaia azkena izan zen, nabarmen gainera. Hori gutxi ez, eta Portugaletek bost puntu sartu zizkion, zazpigarren eginda. Estropada aurretik, puntu batekoa zen bakarrik bizkaitarren aldea, baina zumaiarrek larunbatean Orion irabazitako guztia eta gehiago galdu zuten atzo Donostian.

Lehen txandan joan zen Telmo Deun. Portugalete bera, Tiran eta Cabo zeuzkan alboan, eta lehen bi luzeetan hainbestean eutsi bazion lehiari, hirugarrenean eta batez ere laugarrenean, oso atzean geratu zen herriko trainerua. Datu honek ondo azaltzen du atzokoa izan zela aurtengo emaitza txarrena: Portugaletek 27 segundo atera zizkion, eta garaileak, Hondarribiak, 58 segundo.

Hurrengo bi estropadak datorren asteburuan izango dira: larunbatean Bilbon, eta berriz ere erlojuaren aurka eta ibaian (ligako sei estropadatetik lau izango dira horrela jokatutakoak Bilbokoa kontuan izanda), eta igandean Getxon, itsasoan.

Sailkapenean, zaildu egin zaio mailari eustea Zumaiari, sei eta zazpi puntu aurretik dituelako Portugalete eta San Pedro, hurrenez hurren. Baina asko falta da oraindik, eta lan asko dago egiteko. Hau ez da bukatu, eta aukerak egongo dira goikoak harrapatzeko oraindik.

Unai Osa, patroi onenaren sarian lehendabizi

Igandeak albiste onik utzi bazuen, hau izan zen: Unai Osa patroiak sailkapen buruan jarraitzen du patroi onenaren sarian, nahiz eta igandean puntu bat bera ere ez batu.

zumaia donostin
KLAUSSER

Asteburuko estropadak

Zumaiak estropada hauetan hartuko du parte asteburuan:

San Miguel ligan, larunbatean, Orion izango da laugarren jardunaldia, 18:30ean, eta erlojuaren aurka.

Igandean, Donostian da bosgarren jardunaldia, 12:00etatik aurrera.

Sailkapenean, azkena dira zumaiarrak 4 punturekin; hurrengoek (Portugaletek eta San Pedrok) 8na puntu dituzte.

KAE 2 ligan, larunbatean, hirugarren jardunaldia jokatuko dute, 11:30etik aurrera.

Zumaiarrak 5garren daude sailkapenean.