Zumaian da Gipuzkoako Txapelketa, bihar

Zumaia 2014ko Gipuzkoako Txapelketan
Zumaia 2014ko Gipuzkoako Txapelketan. KLAUSSER

Pozik egoteko moduan gara Zumaiako arraunzaleak. Izan ere, Gipuzkoako Txapelketa aurten ere Zumaian izango dugu, 2014an izan zen bezala. Bihar da eguna, eta 18:30etik aurrera, emakumezko eta gizonezko arraunean ariko dira herrialdeko onena zein den erabakitzeko.

Emakumeek ekingo diote lanari, bi txandetan, eta ondoren jokatuko dituzte gizonezkoen hirurak. Hor izango da Telmo Deun, gizonezkoen bigarren txandan, lehiakide Getaria eta Donostiarra dituela.

Hemen dituzue txandak:

Emakumezkoak:

  1. Hondarribia
  2. Hernani
  3. Arraun Lagunak

 

  1. Getaria-Zarautz
  2. Orio
  3. Hibaika
  4. San Juan

 

Gizonezkoak:

  1. Hibaika
  2. Oiartzun
  3. Zarautz

 

  1. Getaria
  2. Donostiarra
  3. ZUMAIA

 

  1. San Pedro
  2. Orio
  3. San Juan
  4. Hondarribia

 

Azken urteetan, Hondarribia eta Orio nagusi

Palmares zabala dauka Gipuzkoako Txapelketak, eta garaile asko. Baina 2010etik, Hondarribia eta Orio bakarrik izan dira txapeldun. Hiru urtez segidan irabazi zuten berdeek, gero bi aldiz erreskadan horiek, eta iaz Hondarribia nagusitu zen berriz.

Titulu gehien Oriok dauzka (10). Gero datoz San Pedro (9) eta Hondarribia (8). Zumaia ere goian da palmaresean, bost bider irabazia duelako txapelketa gizonezkoetan.

Emakumezkoetan are gorago dago Zumaia, gehien berak irabazi duelako: hiru aldiz. Gero datozkio San Juan eta Getaria-Tolosa, binarekin. Zumaiarrei beste bat ere gehitu dakieke, Getaria-Zumaiarekin irabazitakoa, 2008an.

zumaia n2014
Zumaiako emakumezkoak 2014ko Gipuzkoako Txapelketan. KLAUSSER

 

Asteburuko emaitzak

Bost estropadatan aritu da Zumaia asteburuan, eta taldeka aztertuta, hauek izan dira emaitzak:

San Miguel ligan, pausoz pauso aurrera

Bi estropada izan dituzte gure arraunlariek asteburuan liga nagusian, eta larunbatean, Astilleron (Espainia), azkenak izan ziren. Erlojuaren aurka jokatu zuten estropada, oso baldintza gogorretan, marea erdian eta ura behera emanda, ur gutxirekin eta itsas-korronte indartsuekin. Hondarribia moldatu zen ondoen.

Igandean, itsasoko lehen estropada izan zen, Zierbenan, eta zumaiarrak aurreneko txandan joan ziren, Portugalete, San Juan eta Tiranekin. Atzetik aurrerako lana eginez, gutxi behar izan zuten Telmo Deuneko arraunlariek txandan azkena ez egiteko; izan ere, Portugaletek segundoa pasatxo bakarrik atera zien azkenean. Beste bi txandak jokatu eta gero, Zumaia azken-aurreko izan zen, orain arteko postu eta emaitza onena lortuz; San Pedro utzi zuten atzean. San Juanek irabazi zuen estropada.

Sailkapen nagusian, zumaiarrak azkenak dira lau punturekin, eta aurretik dituzte Portugalete eta San Pedro zortzina punturekin.

Ligako hurrengo bi estropadak Gipuzkoan izango dira: larunbatean Orion, erlojuaren aurka eta erreka zuloan berriz ere, eta igandean, Donostian, itsasoan.

zumaia zierbenan

KAE 2 ligan, hasiera oso ona

Ligako lehen bi estropada puntuagarriak jokatu dituzte asteburuan, Erandion larunbatean, eta Elantxoben igandean, eta zumaiarrek bosgarren eta laugarren egin zuten, hurrenez hurren. Oso emaitza onak dira harrobia lantzeko helburu nagusia duen talde honentzat.

Hurrengo estropada datorren larunbatean izango dute, Donostian, 11:30ean.

Beteranoak, laugarren

Sestaon izan zuten estropada Beteranoek larunbatean, eta laugarren egin zuten, Getxo, Arkote eta Pontejosen atzetik. Sailkapen nagusian hirugarren daude.

Hurrengo estropada Plentzian izango dute, uztailaren 16an.

San Miguel ligako azkeneko postua uzteko bi estropada dauzka Telmo Deunek asteburuan

Bueltan da berriz ere San Miguel liga, asteburu bateko atsedenaren ondoren. Bihar, Astilleron (Espainia) izango da bigarren jardunaldia, 17:30etik aurrera. Erlojuaren aurka, ibaian jokatuko dute estropada. Zumaiarrak azkena dira sailkapenean, baina taldearen baitan konfiantzaz daude azkeneko leku hori lagatzeko, eta bihar ez ezik, igandean ere aukera izango dute, Zierbenan jokatuko baita hirugarren jardunaldia (12:00), hau ohiko eran, hiru txandatan, eta txanda bakoitzeko lau traineruak batera aterata. Astilleroko estropadako sailkapenaren arabera osatuko dituzte Zierbenako txandak.

KAE 2 ligakoek ere bi estropada

Beste bi estropada izango ditu Zumaia Bk KAE 2 ligan. Bihar Erandion, 16:30ean, eta igandean, Elantxoben, igandean, 12:00etan. Ligari hasiera ofiziala emango zaio bihar, aurreko asteburuan Donibane Lohizunen jokatu zen estropada ez zelako puntuagarria izan.

Beteranoak, Sestaon

Beteranoek ere estropada daukate. Bihar izango dute, Sestaon, 18:00etatik aurrera. Seigarren jardunaldia da Beteranoen ligakoa, eta zumaiarrak hirugarren daude.

Asteburuko emaitzak

Hiru estropadetan izan zen atzo Zumaia, eta hauek lortutako emaitzak:

Beteranoetan, herrian bertan, bigarren izan ziren zumaiarrak, Arkoteren atzetik. Sei segundoko atzerapena baino ez zuten izan. Ligako estropada izan zen.

Seniorretan, Zumaia B seigarren izan zen Donibane Lohizunen, KAE 2 ligako estropada ez puntuagarrian. Arkotek irabazi zuen. Ligako zortzi ontzik bakarrik hartu zuten parte, ez baitzen derrigorrezkoa bertan aritzea; hamalau taldek osatzen dute Liga. Datorren larunbatean hasiko da ofizialki lehiaketa, Lutxanan.

Zumaia azkena izan zen Pasai Donibanen, San Miguel ligako zortzi ontziren arteko estropadan. Hondarribiak irabazi zuen. Datorren asteburuan ekingo diote berriz Ligari, Astilleron (Espainia) erlojuaren aurkako estropadan. Igandean, aldiz, Zierbenan ariko dira, hirugarren jardunaldian.

 

 

OLYMPUS DIGITAL CAMERA
Zumaiako Beteranoak herriko estropadan, atzo. baleike.eus

Arraunlarien aurkezpena egingo du ostiralean Zumaiako Arraun Elkarteak

Urteroko hitzorduari jarraituz, traineru denboraldia hasi berria denean, Zumaiako Arraun Elkarteak arraunlarien aurkezpena egingo du ostiral honetan, Arranplan. 19:00etan hasiko da ekitaldia, eta senior gizonezkoez gain, harrobiko arraunlariak eta beteranoak ere bertan izango dira. Harrobikoen denboraldia bukatu zen, eta aukera ona da zaleentzat gazteek egindako lanari esker ona adierazteko. Beteranoak, aldiz, oraintxe ari dira beren Liga jokatzen, eta eskertuko dituzte zaleen txaloak eta animoak.

Bi traineru ditu uretan aurten ere Zumaiak. Talde nagusia San Miguel ligan dabil, eta B taldea KAE 2 ligan. Hain zuzen, asteburuan hasiko dute liga B ontzikoek. Donibane Lohizunen (Lapurdi) daukate estropada larunbatean, 17:00etan. Ez da ligarako puntuagarria izango, dena den.

A ontziak berriz jai dauka San Miguel ligan, baina estropada izango dute Pasai Donibanen larunbatean, prestakuntzan doitzen joateko. 18:00ak aldera hasiko da, emakumezkoen Gipuzkoako Ligako estropada bukatu eta segituan (hauena 17:30ean da). Bi txanda osatu dituzte. Aurrenekoan Astillero, Portugalete, San Pedro eta Zumaiako ariko dira, eta bigarrengoan, San Juan, Orio, Urdaibai eta Hondarribia.

Beteranoen estropada, Zumaian, larunbatean

Beteranoen Ligako estropada dago larunbatean Zumaian. 18:30ean hasiko da, eta jakina, hor izango da Zumaiako Beteranoak taldea. Urola ibaian jokatuko dute, erlojuaren aurka. Irteera Arraun Elkartearen parean izango dute, eta amaiera ere bertan.

Zumaiarrak hirugarren daude Ligako sailkapenean, Arkote eta Getxoren atzetik.

Hasi baino ez da egin hau

telmo sevilla

Maider Celada (liga san miguel.com)

San Miguel liga martxan da, eta Telmo Deunek ez zuen emaitza ona lortu, azkena izan zelako atzo Sevillan jokatu zen estropadan. Erlojuaren aurka binaka lehiatu ziren hamabi traineruak. Zumaia lehen txandan atera zen, eta alboan Portugalte izan zuen. Hiru luzetan aurretik ibili ziren gure arraunlariak, baina azkeneko ziabogan aurrea hartu zieten bizkaitarrek, eta azkenean, bederatzi segundo izan zen azkarragoa Jarrillera ontzia Telmo Deunen aldean.

Bandera Hondarribiak irabazi zuen.

Hurrengo estropada uztailaren 2an izango dute, Astilleron, eta hau ere erlouaren aurka izango da, baina banaka. Nahiz eta zumaiarrak azkena izan atzo, hau hasi baino ez da egin, eta oraindik asko dago jokatzeko. Lanean jarraituko du gure taldeak orain arte bezala, eta helduko dira emaitza hobeak.

sevilla

 

 

Hastera doa San Miguel liga, Telmo Deun bertan dela

zumaia mutrikun

Argazkia: Klausser

Joan dira hilabete batzuk Zumaiak San Miguel ligara igotzeko kanporaketa irabazi zuenetik. Telmo Deuneko arraunlariak prestatzen ibili dira hilabete luzetan, eta azkenean heldu da momentua. Hastera doa arrauneko Liga nagusia, eta hiru urteren burua Zumaian bueltan izango da bertan.

Sevillan izango da igande honetan aurreneko estropada (12:00, ETB1), erlojuaren aurka eta binaka. Beste hogei estropadek osatuko dute egutegia, irailaren 18an azkenekoa jokatu arte, eta Zumaian, uztailaren 31n izango da, 12:00etan.

Telmo Deuneko entrenatzaile aurten ere Patxi Frances izango da, Rafa Gonzalez de Txabarri prestatzaile fisikoarekin batera. Hirugarren denboraldia beteko dute Zumaian biek. Arraunlarien artean, iazko taldetik lau faltako dira: Josu eta Jagoba Uranga anaiak, Josu Osa eta Mikel Herrero. Berriak, aldiz, hauek dira: Aitor Gorrotxategi, Jon Badiola, Iker Peña, Karlos Mendizabal eta Iñaki Errazkin.

Zumaiarren asmoa bat eta bakarra da: mailari eustea.

Bigarren trainerua ere uretan izango da aurten, harrobiko lana eginez, eta hauek ekainaren 25ean ekingo diote KAE 2 ligari, Donibane Lohizunen (Lapurdi), estropada puntuagarria izango ez bada ere.

Ezin hobeto bukatu du denboraldi-aurrea Telmo Deunek

Bikaina izan zen atzo Zumaiako arraunlariek Lekeition egin zuten estropada. Seigarren izan ziren, bere txanda irabazi eta gero. Denboraldi-aurreko azkeneko testa izan zen, eta erakutsi zuten ondo iritsiko direla San Miguel ligaren hasierara; igandean ekingo dio arrauneko liga nagusiak aurtengo jardunari, Sevillan (Espainia).

Zumaiak aurkari hauek izan zituen atzo txandan: Portugalete, Ondarroa eta Getaria. Lehen luzean azkena izan zen Telmo Deun, baina bigarrengoan atzetik aurrera eginez, bigarren eman zuen bigarren ziaboga. Kanpora pixka bat sufritu egin zuen berriz ere, kalea ez zelako egokia kanpora joateko, baina arraunlariek lanean serio eta ondo jarraitu zuten, burua galdu gabe, eta lehen luzean baino atzerapen txikiagoarekin ziren hirugarren ziabogan. Barrurako azken luzean, estropadaren burua hartu, eta txanda irabazi zuen Telmo Deunek.

Segundo erdi pasatxo atera zion Portugaleteri, hiru segundo Ondarroari eta hamar Portugaleteri.

Hondarribiak irabazi zuen bandera, azkeneko txandan Orio, San Juan eta Zierbena hankapean ibili eta gero hasiera-hasieratik. 28 segundoko aldea egon zen Hondarribia eta Zumaiaren artean, eta kontuan hartzeko datua da hori San Miguel ligara begira, datu ona.

Zumaia B ere Lekeition aritu zen, eta azken-laugarren egin zuen.

lekeitio emaitzak

Telmo Deun Lekeition ariko da gaur, igandean, 11:30etik aurrera (ETB 1en zuzenean)

Telmo Deun Lekeition izango da igande honetan, bertako traineru estropadan. 11:30ean hasiko da (aldatu egin da ordua, ETB1eko zuzenean emango duelako), eta azken-aurreko txandan aterako da. Aurkariak hauek: Ondarroa, Portugalete eta Getaria.
Denboraldi-aurreko azkeneko testa izango da, hurrengo estropada San Miguel ligako aurrenekoa izango delako, ekainaren 19an, Sevillan.

Telmo Deun bosgarren izan zen Mutriko traineru estropadan

Mutrikun urteroko hitzordua izan zen atzo larunbata, traineru estropadarekin, denboraldi-aurrea amaitzen ari den honetan.

Telmo Deun han izan zen, eta bosgarren egin zuen.

Bere txandan, KAE 1 ligako Ondarroa eta Getarian izan zituen lehiakide, eta Ondarroa izan zen azkarrena, zumaiarren eta getariarren aurretik.

Estropada Hondarribiak irabazi zuen, eta Orio eta San Juan izan ziren bigarren eta hirugarren.

Sailkapena, hemen: http://www.fgremo.com/data/docs/resultados/mutriku2.pdf

Estropadako argazkiak (Klausser): https://photos.google.com/share/AF1QipMcJUWmRCGqyOdVe5k3vhxfKxCiRC9KF8VHlgAsGHvEqsw5LXFVDGuM4mHWWXL38w?key=VEJCWE5ycGdxTG45dDYyZ0YwNmswaDlmZHZkc2Z3