Zumaia, ondo, zortzigarren izan da Bilbon

San Miguel ligako lehen estropada jokatu da Bilbon gaur arratsaldean, eta Zumaia zortzigarren izan da. Lan ona egin dute arraunlariek, eta segundo pasatxogatik ez dira seigarren izan, oso gertu izan dituztelako Zarautz (seigarren) eta Urdaibai (zazpigarren). Bigarren txandan atera da Telmo Deun, eta denbora txarrena egin du, baina Hondarribiak eta Pedreñak zazpi segundo soilik atera dizkiote, eta Zarautzek segundoa pasa. Castrok irabazi du estropada.
Hemen gaurko sailkapena: http://www.ligaact.com/resultados/regata.php?idioma=euskara&Nregata=1238415367
Eta hemen sailkapen nagusia: http://www.ligaact.com/resultados/index.php?idioma=euskara
Luxiak honela aztertu du mutilen lana: “Bastante gustura nago, bai, gustura. Pena izan da segundo eta erdigatik seigarren ez izana. Bestela, ondo dago; Castrok, egin duen estropada eginda, 20 segundo baino ez dizkigu atera guri, eta gainerako batzuk berdinduta gaude, eta gu tartean gara, hortxe gaude. Ea bihar zorte ona izaten dugun kale zozketan”.
Bihar Portugaleten dute hitzordua 12 traineruek, 12:00etan (ETB 1), eta kale zozketak eragin erabatekoa izango du, alde handia dagoelako batetik bestera. Zumaia bigarren txandan ariko da, Orio, Urdaibai eta Zarautzekin. Lehenengoan Arkote, Meira, Kaiku eta Tiran aterako dira; aurrenekoan, Pedreña, Hondarribia, San Pedro eta Castro.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude