Euskadiko txapeldun, aurreneko aldiz

Zumaia Salegi jatetxeak historia egiten segitzen du, eta gaur, Euskadiko txapelketa irabazi du aurreneko aldiz. Lekeition izan da, eta aise menderatu ditu beste hiru traineruak: San Juan, Hibaika eta Orio.

Lehen pala kolpetik hartu dute burua zumaiarrek, eta aldeak handituz joan da. Aurreneko luzea aurrera zihoan bezala, argi geratzen hasi da zeinek eramango zuen bandera. Laugarren kaletik arraun eginez, brankaz aldeak ireki dituzte, eta poparean handitu. Lan biribila osatu dute arraunlariek.

Zumaiarren denbora 11.02 izan da. San Juanek 13 segundo gehiago behar izan ditu; Hibaikak 18 gehiago, eta Oriok 37.

Ongi-etorria, igandean

Euskadiko txapelketa irabazteak ongi-etorria dakar atzetik, baina gaur ezinezkoa izan da, arraunlari askok ezin zutelako Zumaiara etorri iluntzean. Horregatik, Zumaiako Arraun Elkarteak erabaki du datorren igandean egitea ongi-etorria. Getarian dute estropada, 11:30ean, eta 13:00ak aldera hasiko da ongi-etorria. Arraun elkarteko egoitzatik abiatuta, Kofradiaraino joango dira trikitixa doinuekin. Han, gaurko bandera astinduko dute arraunlariek… eta asteburukoak ez dira aparte ibiliko, irabazten badituzte behintzat.

Gipuzkoako ligako bi estropada dauzkate larunbatean eta igandean. Plentzian larunbatean (15:15) eta Getarian igandean (11:30). Sailkapeneko buruan da Zumaia Salegi jatetxea, estropada guztiak irabazita.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude