Zelai Talasoterapian zirkuitoa egiteko bonoak zozkatu ditugu gure bazkideen artean. Tokatu ote zaizu?

Gure bazkideen artean zozketa egin dugu: Zelai Talasoterapian zirkuitoa egiteko bi pertsonentzako bonoak, eta 22 bazkide sarituak ondorengoak izan dira:
 
Castor Agirrezabalaga Arregi, Juan Ignacio Amilibia Olariaga, Joakin Aristi Etxaide, Ana Barrena Olaizola, Mariano Berastegi Goikoetxea, Jabier Etxekopar, Beñat Fernandez de Arroiabe Aginagalde, Mari Garrido Acedo, Agustin Leonet Goikoetxea, Mikel Olaizola Elosua, Joxe Ormazuri Etxezarreta, Luis Unanue Ispizua, Itxaso Urresti Eizmendi, Iñaki Zendoia Irigoien, Javier Arrizabalaga Urbieta, Luis Mari Larrañaga Badiola, Arantza Urkidi Ostolaza, Juan Kruz Zubia Goikoetxea, Juan Ignazio Arrizabalaga, Cesar Blanco Salinas, Olatz Odriozola Korta, eta Alazne Irureta Garate.
 
Zorionak eta gozatu!

Beste urte zoragarri bat

Urte ahaztezin baten kronika

Buelta osoa ere ez du eman oraindik urteak 2015eko irailaren 20 hartatik. Arraun munduaren ezusterako, gure arraunlariek handia egin zuten: San Miguel ligara igo. Portugaleteko zubitik gertu, metro batzuetara, Telmo Deun azaldu zen uretatik irten berritan, gure arraunlariek bizkarrean zekartela. Muturra tente, gorantz begira. Sinbologia handiko irudia erakusten zuen une hark. Telmo Deun goian zen, mailarik altuenean.

muturra gora

Pozik ziren arraunlariak, arraunlarien lagunak eta familiakoak; pozik ziren entrenatzaileak eta laguntzaileak; pozik ziren zuzendaritzakoak; eta nola ez, pozik ziren zaleak. Igotzeko kanporaketan presente izan ziren, eta baita kanporaketan aritzea ziurtatu zen estropadan ere, Bilbon, Aste Nagusian. Beste estropada guztietan ere ikusi ahal izan zen kolore gorria.

Etorri ginen Zumaiara irailaren 20 hartan, Salegi Jatetxean (eskerrik asko babesten jarraitzeagatik) bazkaldu eta igoera behar bezala ospatu eta gero. Ospakizun politena falta zen: herriarena rezibimientua. Kofradia gainezka zela, balkoian azaldu ziren protagonistak.  Jaso zituzten herritarren eta zaleen txaloak, ondo merezitakoak.

kofraian

Hurrengo egunetik bertatik ez, Kofradiakoa bukatu eta berehala hasi ginen aurtengo denboraldia prestatzen. Ohikoa izaten den kezka, lehendabizi: “Zenbat arraunlarik utziko dute?”. Ez zen berehalakoan argitu zalantza, udazkenak lehen hilabetea bete zuenean edo, urria amaiera aldera. Ordurako, jarraitzeko proposamenari baiezkoa emana zion Patxi Francesek, entrenatzaileak. Baita Rafa Gonzalez de Txabarri prestatzaile fisikoak eta koordinatzaileak ere. Egitasmoak aurrera jarraitzeko oinarri sendoak jarrita zeuden.

Hiru baja. Hiru arraunlarik utzi behar zutela. Bakarrik. Handiagoa izan ohi da batez bestekoa urtero gure artean. Albiste ona… eta beharrezkoa.

Azaroaren hasieran ekin zioten lanari gure arraunlariek. Eta ordurako, aurtengo uda urruti zegoen arren, San Miguel ligako beste aurkariei begira geunden. Kanpotik zetozen kontuak ez ziren txarrak guretzat: San Pedrok ia talde osoa aldatu beharko zuela, eta taldea harrobikoekin bete beharko zuela; Portugalete diru arazoekin zebilela, eta kosta behar zitzaiola talde duina osatzea; Astilleron ere dirua falta zebilela, eta Galiziatik ekarritako arraunlari mordoak etxerako bidea hartuko zuela, taldea ahulduz.

Ez dugu gezurrik esango: aurtengo udan, San Miguel ligan eroso antzean ibiltzeko moduan ikusten genuen geure burua. Baina…baina, kanpotik zetozen baieztapen ziur itxurakoak aldatzen hasi ziren: Astillerok konpondu zuela bere arazoa; Portugalete ere ari zela taldea indartzen. San Pedro bakarrik geratzen zitzaigun aurkari ahulen zerrendan.

Eta ez zuen asko iraun hor. Udazkeneko prestakuntzak neguari eman zion segida, eta orduan heldu ziren traineru jaitsierak. Sustoa sustoaren atzetik jaso genuen. San Pedrok sekulako estropada egin zuen Hondarribian, eta baita bere etxeko jaitsieran ere. Portugalete ere oso ondo zebilen Bizkai aldeko jaitsieretan.

Bapatean, errealitate gordina parez pare: “Ez du ematen uste bezain eroso ibiliko garenik udan. Zeinek izan behar du gure kontrarioa ez jaisteko borrokan? Ez al gara bakarrik gu izango?”. Jaitsieraren mamua indarra hartzen hasi zen.

Bitartean, gure arraunlariek lanean jarraitu zuten. Serio bezain ondo. Bakoitzak berea ongi egin behar duela erabat sinetsita, kanpoko faktoreei batere kasorik egin gabe, kanpokoak ez dituela norberak menderatzen ondo ikasita. Lana eta lana. Kalitatezko lana.

Heldu zen udaberria, eta Ondarroan, Portugaletek astindua eman zigun. Denboraldi-aurrea zen. San Pedroren berririk ez zen, ez zelako ari lehiatzen. Astinduari emateko erantzunik onena lana izaten da, eta segi lanean, horixe egin zuten gure arraunlariek. Uda gainera zetorren, ari zen heltzen beneteko garaia.

ondarruan

Lekeitioko prestakuntzako estropadan, liga hasi bezperetan, eguzkia azaldu zitzaien gure arraunlariei. Txanda irabazi zuten, eta Portugaleteri irabazi, txanda berean. Itxaropen zantzuak bapatean. Emaitza on bat baino ez zen, baina taldearen lanari ia egunero begiratzen dion batek, hau gehitu zuen: “Ez gaude onenean oraindik, eta uste dut liga hasieran ez garela fin-fin egongo. Baina liga hasi eta aste pare batera, geure onena emateko moduan izango gara”. Itxaropena.

San Miguel liga hasi zen. Sevilla, atsedena, Astillero, Zierbena eta Orio. Hiru estropada erlojuaren aurka lautik. Azkena sailkapenean, baina Portugaletetik puntu batera Oriokoa jokatu eta gero. Larunbat iluntze hura gozoa izan zen, baina ordu batzuk geroago, gaziak, uda osoan kale zozketak eman digun gazitasuna azaldu zitzaigun. Donostian izan zen. Guri aurreneko kalea, txarrena nabarmen, eta Portugaleteri laugarrena, onena batere zalantzarik gabe. Bost puntu sartu zizkigun; aldea seikoa.

donos

Hurrengo kolpea astebete barru etorri zitzaigun, Getxon. Berriz ere Donostiako egoera bera: guri kale txarrena, eta Portugaleteri onena. Beste hiru puntu sartu zizkigun. Galiziara joan aurreko astean, hamar puntu atzetik ginen. Baina gure arraunlariek lanean jarraitu zuten, urte guztian bezala, serio eta ondo. Galizian, lan onak eta emaitzak bat egin zuten behingoagatik. Baina zorte txarrak gurekin jarraitzen zuen. Bi estropadetan atzetik utzi genuen Portugalete, baina bi puntu bakarrik jan genizkion. Igandean, guk hamalau segundo sartu arren, ez zen beste talderik sartu bien artean, hurrengo bi txandetan haizeak behera egin zuelako nabarmen.

Lana eta lana. Jarraitu beharra zegoen, eta jarraitu zuten gure arraunlariek. Pasaiako bost ziabogatako estropada zetorren gero, eta etxekoa hurrengo egunean. Pasaian, berriz ere Portugaleten aurretik, baina beste inor ez tartean; gutxigatik, Cabok berrogei ehunen bakarrik atera zizkigulako. Ai zorte hori… Zumaian, sekulako estropada egin zuten arraunlariek, eta hiru luze eta erdian txanda irabazteko borrokan ibili ziren, baina azkenean txandan hirugarren. Portugalete azkena. Gero, Astillero sartu zen tartean, eta bi puntu jan genizkion Portugaleteri. Aldea bostekoa zen orduan. Lau estropadetan aldearen erdia jan zieten gure arraunlariek.

unai zumaian
Unai Osa gure patroia, ligako patroi onenaren elastikoarekin, Zumaiako estropadan. Onena izan zen sailkapenean hainbat astetan.

Itxaropena berriz ere. Baina gureak onenean eta Portugalete zalantzetan murgildua zebilen bitartean, asteburu bateko atsedena heldu zen. Espainiako txapelketa erdi-erdian, eta liga geratu egin behar. Lanean ondo asko jarraitu zuten gure arraunlariek, eta bi aste horietan, ia entrenamendu guztiak Zarautzen egin zituzten, Zarauzko Estropada prestatzeko. Pasaian ere ibili ziren, probak egiten. Galiziako estropadetan, arraunak aldatzea erabaki zuen Patxi Francesek, eta emaitza onak ekarri zituen aldaketak. Beraiekin probak egiteko ere baliatu zen atsedeneko tartea.

Iritsi zen Zarautz, eta itxaropen betearekin joan ginen. Hori bai, ordurako bazebilen bueltaka errealitate gordina: kale zozketetan ez ginen ari izaten batere zorterik. Zarautzen berretsi zen hori. Bi egunetan kalerik txarrena, laugarrena, eta Portugalete eremuaren beste aldean bi egunetan. Berriz ere kolpea, batez ere bigarren igandean. Hiru puntu sartu zizkigun egun petral horretan, eta bezperakoari gehituta, bederatzira igo zuen aldea.

Oso egun gogorra izan zen. Bezperan hil zen Patxi Frances entrenatzailearen aita eta Igor Francesen aitona, eta astean zendu zen Karlos Mendizabal arraunlariaren aita. Zerua gainera erori zitzaigun hori dena eta Zarauzko bigarren eguneko emaitza uztartuta. Baina lanean segitu zuten gure arraunlariek. Lau estropada falta ziren, eta bederatzi puntuko aldea jan behar zitzaion Portugaleteri.

Seira murriztu zuten aldea gure arraunlariek hurrengo bi estropadetan. Hondarribian eta Castro Urdialesen (Espainia). Historian gordeta geratuko da Hondarribiakoa, txanda irabazi zuelako Telmo Deunek. San Miguel ligan, hamabosgarren aldiz irabazi zuen txanda Zumaiak. Pozik, baina ez erabat. Izan ere, Portugalete bigarren izan zen, eta Cabo bakarrik sartu zenez tartean, zazpi puntura bakarrik murriztu zen tartea. Hurrengo egunean, Castro Urdialesen ere, itsasoa zegoen emanda, eta aukera ona zen guretzat. Baina puntu bakarra jan genion Portugaleteri. Seikoa aldea, eta bi estropada bakarrik falta.

hondarribin txapeldun

Bi estropada horiek non eta Portugaleteko eremu bihurrian. Iraultza gertatzeko, ezinbestean kale onena tokatu behar bi egunetan, eta txarrena Portugaleteri. Asko eskatzea zen ikusirik nolako zorte txarra izan dugun uda guztian. Zoritxarrez, aurreikuspen txarrenak bete egin ziren, eta kale zozketan, berriz ere Zumaiari txarrena: inork nahi ez zuen hirugarrena. Portugaletek aurrea hartu zigun, eta zazpira igo zuen aldea.

Atzokoa bakarrik geratzen zen. Azkena. Berriz ere kale onena urruti… gu lehendabizikotik eta Portugalete bigarrengotik. Ez genuen txanda irabazi, ezin zen kale horretatik, baina historian gordetzeko modukoa izango da atzokoa ere. Ondo erakusten duelako nolako borrokarako grina eta gosea erakutsi duten gure arraunlariek uda osoan. Nabarmentzekoa, eta erakusteko modukoa kirola zer den ikasten ari direnentzat. Azkeneko pala kolperaino batere amorerik eman gabe, gureek aurrea hartu zioten Portugaleteri. Hemezortzi ehunen baino ez. Garaipen txikia, poz txikia.

Amorru keinua ere egin zuen arraunlariren batek txanda bukatu orduko. Uda osoan pilatutako amorrua eta etsipena atera zuen. Normala. Ez baita gozoa sekulako lana egin, ikusi ez zarela Portugalete baini gutxiago izan, eta kanpoko faktoreek (kale zozketak) eragin handia izan dutela ikustea maila galtzerako orduan. Donostia eta Getxoko bi estropada madarikatuak ez zaizkigu berehalakoan ahaztuko, ezta Zarauzko biak ere.

Bederatzi aldiz irabazi digu Portugaletek, eta zortzitan gure arraunlariek. Baina aldea sei puntukoa izan da. Ai Donostia eta Getxoko lehendabiziko kale horiek…

Balitz eta balu jardutea alferrik da orain, ordea. Garaipenik handiena eta pozik handiena Portugaleten lortu zuten gure arraunlariek atzo bertan. Zaleek txaloz hartu zituztenean Telmo Deun uretatik lehorrera ekarri zutenean. Benetako txalo horien atzean urte osoan egindako lan bikainaren aitortza dago.

portun zaleeekin

Biba zuek, beti ez da galtzailea izaten azkena, eta azkena irabazlea ere izan daiteke. Zuek zarete gure txapeldunak, eta harro gaude zuetaz. Maila galdu arren, atzo ere Telmo Deunek muturra gorantz begira ekarri zuen uretatik lehorrera.

Eskerrik asko gure arraunlariei, gure entrenatzaileei, gure laguntzaileei, zuzendaritzako gure kideei, gure babesleei, gure zaleei, eta gure alboan izan zareten guztiei. Zoragarri egin duzue lan bakoitzak bere lekuan urte osoan, eta urte hau ere zoragarri izatea lortu duzue. Lan onak emango ditu fruituak, egon seguru.

Aupa Zumaia, aupa Telmo Deun!

Itzuliko gara!

Dena hankaz gora jartzeko prest

13962537_840700012731651_4022190974901402979_n

Azkeneko aukera: kale edo bale, zirt edo zart. Larunbat eta igande honetan erabakiko da zein talde jaitsiko den San Miguel ligatik, eta zeinek jokatuko duen igoera-jaitsierako kanporaketa. Alegia, zein izango den ligako azkena eta zein azken-aurrekoa.

Zoritxarrez, borroka horretan da gure Telmo Deun, eta gainera, azkena da oraingoz. Sei puntura dauka Portugalete. Bien artean banatuko dituzte azkeneko bi lekuak. Ez dago beste hautagairik eta aukerarik.

Portugaleteko zuloan jokatuko dituzte bi estropadak: larunbatekoa 18:00etan, eta igandekoa, 12:00etan. Ibaian. Kaleen artekoa inon baino agerikoagoa eta nabarmenagoa den eremu bihurrian. Horrek esan nahi du kale zozketa erabakigarria izango dela. Gure arraunlariek  ezinbestean behar dituzte kale onak bi egunetan, bestela oso zaila izango delako Portugalete harrapatzea. Eta beraiei txarrak tokatzen bazaizkie eta gureei onak bi egunetan, ligako sailkapena hankaz gora jarriko dute gure arraunlariek. Gai direlako bi estropada bikain egiteko. Trainerua oso ondo dabil, eta erakutsi zuen hori aurreko larunbatean, Hondarribian lehen txanda irabaziz.

Bi baldintza bete beharko dira, horrenbestez, asteburuan: gure arraunlariek lan ona egitea, eta kale zozketan zortea alde izatea. Bi baldintzak elkartzen badira, kontuz zumaiarrekin.

Gertatzen dena gertatzen dela, emaitza gorabehera, sekulako txaloa merezi dute gure arraunlariek. Lan oso ona egin dute urte guztian zehar, eta ligan ere oso itxura eman dute. Gauzak okertu zaizkie Donostiako eta Getxoko estropadan kale txarra tokatu eta Portugaleteri ona egokitu zitzaionean. Hantxe zabaldu zuen tartea, eta gero gureak bost puntura jarri baziren ere, Zarautzen kale zozketak kaltea egin zien berriz gureei; ez aldiz Portugaleteri. Baina gureek borrokan jarraitzen dute, eta aurreko asteburuan, bederatzitik sei puntura jaitsi zuten aldea.

Ez dudarik izan asteburu honetan ere dena emango dutela gure arraunlariek.

Polita litzateke zaleak Portugaletera joatea larunbatean eta igandean gure arraunlariak animatzera. Eskertuko dute zaleen berotasuna estropadara doazenean, lehian direnean, eta batez ere, lanak bukatutakoan. Urte guztiko lan zoragarriak merezi du ahalegina Portugaletera joatekoa, lan handi horren esker ona adierazteko gure arraunlariei.

Zumaia B-k azkeneko estropada

KAE 2 ligako azkeneko estropada jokatuko dute ligako talde guztiek bihar larunbata Colindresen (18: 45). Erlojuaren aurkako lehia izango da. Ez da puntuagarria izango, estropada berean KAE 1 ligara igotzeko kanporaketa ere jokatuko dutelako.

Hauteskunde prozesua: hautagaien zerrendak aurkezteko epea zabalik da

Telmo Deun Arraun Elkartea hauteskunde prozesuan dago, hala erabaki zuelako otsailaren 19ko Batzar Nagusian. Bi urtez behin egiten dira hauteskundeak zuzendaritza aukeratzeko, eta hautagaien zerrendak aurkezteko epea zabalik dago gaurtik. Irailaren 16ra bitartean egongo da hori egiteko aukera.

Zerrendak itxiak izango dira, bost hautagaien eta ordezko bi bazkideen izenekin aurkeztuko dira, zerrendako kideen sinadurarekin. Zerrendako burua presidente hautagaia izango da.

Zerrendak klubaren egoitzan aurkeztu behar dira (Etxezarreta kalea, 27).

Zerrenda bakarra aurkezten bada, inolako bozketarik egin gabe onartuko da, eta zerrenda bat baino gehiago baldin badago, irailaren 30eko Batzar Berezian egingo da bozketa.

 

Bizirik hedu da Zumaia azkeneko bi estropadetara

Asteburu ona izan da gure arraunlarientzat San Miguel ligan. Hiru puntutan murriztu dute Portugaletek ateratzen zien aldea, eta orain seikoa da. Bi estropada bakarrik geratzen dira erabakitzeko zein talde jaitsiko den eta zeinek jokatuko duen kanporaketa. Bi jardunaldi horiek datorren larunbatean eta igandean jokatuko dituzte, Portugaleteko erreka zuloan.

Jakina da eremu horretan (ere) sekulako aldeak egoten direla kaletik kalera, eta kale zozketetan orain arte izan ez duen zorte ona alde izan beharko du Zumaiak mailaz galdu nahi ez badu. Gure arraunlariek bere lana ondo bete beharko dute, lehendabizi, eta gero, zorteak ere lagundu egin beharko die.

Asteburuko emaitzei eta lanari begiratuta, larunbatekoa historian geratuko da. Izan ere, lehen txandako onenak eta azkarrenak izan ziren gure arraunlariak Hondarribian, eta zortzigarren bukatu zuten, urteko emaitza onena lortuz. Atzean utzi zituzten Portugalete, San Pedro eta Zierbena. Sekulako estropada egin zuten. Bederatzigarren denboraldia du hau Telmo Deunek San Miguel ligan, eta hamabosgarren aldiz irabazi zuen txanda bat aurreko larunbatean. Egun seinalatua zen, gainera, Zumaiako arraunaren historian, 35 urte bete baitziren Telmo Deunek aurreneko bandera irabazi zuenetik. Bilbon izan zen, Villa de Bilbao estropadan, 1981eko abuztuaren 20an.

1471722342_2
Gure arraunlarik pozik eta elkar zoriontzen, larunbatean txanda irabazi eta segituan.

Igandean ere lan ona osatu zuten gure arraunlariek Castro Urdialesen (Espainia). Larunbateko aurkari berdinak alboan, hirugarren egin zuten txandan, San Pedro eta Zierbenaren atzetik, eta Portugaleteren aurretik. Hamargarren egin zuten azkenean.

Zumaia B-k ere bi estropada izan ditu asteburuan KAE 2 ligan, azkeneko bi puntuagarriak. Larunbatean, Plentzian, zazpigarren egin zuten, eta igandean, Camargon (Espainia), hamabigarren. Zortzigarren bukatu dute gure harrobiko arraunlariek liga hau.

Datorren larunbatean, Colindresen (Espainia), azkeneko estropada izango dute. Ligakoa da, baina ez da puntuagarria izango.

15. aldiz irabazi zuen atzo Telmo Deunek txanda bat San Miguel ligan

Zumaiak atzo San Miguel ligako txanda bat irabazten duen 15. aldia izan zen. Bederatzigarren denboraldia du hau liga nagusian, eta playoffetako garaipenak kontatu gabe, hauek dira irabazitako txandak:

2006: 4 (Zumaian, Castron 2 bider, eta Zarautzen)
2007: 3 (Boiron, Castron eta Zarautzen)
2008: 3 (Boiron, Pasai San Pedron, eta Zarautzen)
2009: 3 (Moañan, Pedreñan eta Plentzian)
2011: 1 (Zumaian)
2016: oraingoz 1 (Hondarribia)

Olatuen artean, puntuen bila

1471122495_2

Zumaiari lau estropada bakarrik gelditzen zaizkio San Miguel ligako azken postua Portugaleteri uzteko. Baina bederatzi puntu atzetik da, eta gauzak garbi onartuta, zaila dago. Halako egoeretan, zirt edo zart egin behar izaten da, arriskuak hartu, eta behingoagatik bada ere denboraldi honetan, itsasoa lagun izan dezakete gure arraunlariek. Izan ere, biharko, Hondarribiako estropadarako, itsasoaren partea oso txarra dago emanda: 2,3 metroko olatuak, eta haizea ere bai. Baldintza egokiak dira arriskuak hartu behar dituen taldearentzat, eta Zumaia egoera horretan dagoenez, itsasoak ematen duen aukerari heldu behar zaio. Halako baldintzetan, traineruen arteko aldeak handiak izaten dira, eta hori gertatzea da zumaiarren itxaropena. Lehenengo baldintza eta betebeharra, jakina, Portugaleteri aurrea hartzea.

Lehen txandan joango dira biak, San Pedro eta Zierbenarekin batera.

17:30ean hasiko da estropada.

Igandean, Castro Urdialesen (Espainia) dute ligako estropada, eta harako ere itsaso mugitua iragartzen da. Metro eta erdiko olatuak daude emanda, eta eremua bera haize-lekua ere badenez, arraunerako baldintzak zital samarrak izango dira. Horra beste aukera bat gure arraunlarientzat zail dagoen hori lortzen saiatzeko. 12:00etan hasiko da estropada. Izango du aldaketa txandak osatzerakoan, ligako sailkapenaren arabera osatuko dituztelako igandean, eta igandetik aurrera.

Zumaia B-k bi estropada

Gure harrobiko arraunlariek ere bi estropada izango dituzte asteburuan. Bihar larunbata, Plentzian (16:30), eta igandean Camargon (Espainia), 18:15etik aurrera. Hauentzat ere itsaso txarra izango da, eta baldintza txarretan jokatu beharko dute. Sailkapenean, zortzigarren daude zumaiarrak.

13962537_840700012731651_4022190974901402979_n
Arrauner

Asteburu beltza

Itxaropenak baziren Telmo Deunek Zarautzen emaitza onekin segitzeko, baina bi kolpetan, asmo on guztiak pikutara joan ziren. Larunbatean azkena, igandean ere azkena, eta Portugaletek orain bederatzi puntuko aldea lortu du. Lau estropada bakarrik falta dira.

Emaitzak onak izan ez direla ezin da ukatu, baina horrek ez du esan nahi gure arraunlarien lana txarra izan denik. Nahikoa egin dute Zarautzen, bi egunetan kale txarrenen arraun egin eta gero. Larunbatean, 18 minututan Portugaleterekin parez pare ibili ziren, eta azkeneko bi minutuetan atera zuen tartetxoa San Miguel liga honetako aurkari zuzenak. Igandean, bi luzetan eutsi zioten gureek, baina azkeneko bietan hanka egin zuen Portugaletek.

Kale zozketan, ez da batere zorte onik edukitzen ari Telmo Deun. Ia astebururo egokitu zaio txarrena edo txarrenetakoa, eta ez da aitzakia, errealitatea baizik. Kanpoko faktore horiek ari dira kondenatzen Zumaia KAE 1 ligara, neurri handi batean. Bestela ere, lan zaila da liga nagusian jarraitzea, eta kanpoko faktoreen aldeko zorterik gabe, ia ezinezkoa.

Baina kontuak kontu, matematikak aukera ematen die oraindik gure arraunlariei. Zaila dagoela onartuta, ez dago dudarik gure arraunlariek dena ematen segituko dutela. Datorren asteburuan, Hondarribian eta Castro Urdialesen ariko dira, larunbatean eta igandean, hurrenez hurren.

Zumaia B zortzigarren Santoñan

Larunbatean aritu zen Zumaia B Santoñan, KAE 2 ligako estropadan. Erlojuaren aurka, lan ona egin zuten gure arraunlariek, eta nagusi izan ziren bere txandakoen artean. Gero, bigarrengokoek hibetu egin zituzten zumaiarren denborak. Sailkapen nagusian, zortzigarren dago Zumaia B.

Datorren asteburuan, bi estropada izango dituzte: larunbatean, Plentzian, eta igandean, Camargon.

Doluminak Patxi eta Igor Francesi, eta Karlos Mendizabali

Kirol arlotik kanpo ere, albiste ilunak izan dira bueltaka Arraun Elkartearen inguruan. Astean zehar, Karlos Mendizabal gure arraunlariaren aita hil zen, eta larunbatean, Patxi Frances entrenatzailearen aita eta Igor Frances arraunlariaren aitona. Arraun Elkartetik doluminik sentikorrena eta babesik handiena ematen dizkiegu hirurei.

Telmo Deun indartsu dator azkeneko txanpara

IMG-20160731-WA0019

Sei estropada baino ez dira falta zehazteko San Miguel ligatik zein talde jaitsiko den eta zeinek jokatuko duen kanporaketa. Lehia horretan dira gure arraunariak, eta asteburu batez liga etenda egon ondoren, Zarauzko Estropada loriatsuarekin berrekingo zaio ligari. Larunbatean eta igandean izango da.

Telmo Deun azkena da, eta Portugaleterekin dabil lehian bi azken lekuak zehazteko. Bost puntu aurretik dira bizkaitarrak, baina atzetik aurrera indartsu datoz gure arraunlariak. Azkeneko lau estropadetan, bost puntu jan dizkiete gureek besteei, eta erakutsi dute gai direla puntu aldea iraultzeko. Horretarako, ezinbestean, Portugaleteren aurretik sailkatzen jarraitu beharrean dira.

Larunbatean, 18:25ak aldera jokatuko da estropada, eta lehen txandan ariko dira gure arraunlariak. Aurkariak hauek: Portugalete, San Pedro eta Zierbena.

Zumaia B, Santoñan (Espainia), larunbatean

KAE 2 liga bukatzeko askoz gutxiago falta da, hiru estropada baino ez, eta Zumaia B zortzigarrena da sailkapenean. Santoñan ariko da larunbatean, 19:00etatik aurrera, erlojuaren aurkako lehian.

arraunazumaia-12_content