Jokin Urkidi: “Emaitzak ez dira lehentasuna guretzat; gazteei bidea ematea da asmoa”

Hainbat urtez arraunlari izan eta gero, entrenatzaile lanetan hasi da aurten, eta bera da KAE 2 Ligako ‘Telmo Deun’ ontziaren prestatzailea.

 

Zein da bigarren traineruaren helburua?

Gazteek arraun egitea. Bestela, goiko ontzian sartzen ez direnek utzi egiten dute, eta orain, arraun egiteko aukera edukiko dute. Horiei bidea ematea da asmoa. 

Trainerua osatu ahal izateko, bertako gazteez gain, kanpotik etorri da jendea.

Bai, hala da. Hasieran osatzen ginen, baina batzuk utzi egin dute beste kluben batera joan dira, goiko ontzian lekurik ez zutela izango ikustean. Azkenean, kanpotik etorri da jendea, eta batzuk lehendabiziko urtea dute arraunean. Beren klubetan kanpoan gelditutakoak dira. 

Asko al dituzu batere arraun egin ez dutenak? 

 

Bai. 15 gara, eta sei edo zazpi hasiberriak dira. Horiei erakustea da helburua, eta denak talde moduan aritzea. Emaitzak ez dira lehentasuna guretzat.

Zu ere berria zara entrenatzailea. Zer moduz ari zara?

Arraroa egiten zait. Kanpotik begira jartzen naiz, eta dena arrauna ikusten dut. Barrutik, arraunlari nintzela, hartuta neuzkan sentsazioak, baina kanpotik ezberdina da. Ni ere ikasten ari naiz. Arraunlariei esatean diet: “Zuek aurreneko urtekoak zarete, eta ni ere bai”. Elkarren anparoan ari gara; haiek nik ikusten ez dudan zerbait esaten didate, eta nik berdina egiten dut haiekin. Giro ona daukagu gure artean. 

Denak gazteak izateak izango du alde onik, ezta?

Bai. Beteranoren bat egoten bada, normalean erreta egoten da goian lekurik ez duelako, eta gure kasuan, ez dago halakorik, denak gazteak direlako. Gazte horietan, pare batek badute esperientzia traineruetan, eta beharrezkoak izango dira, jendea traineruaren arrastoan sartzen joateko. 

Lehendabiziko urteko arraunlari horiek nola ikusten dituzu?

Gogo handiarekin daude, eta jende ona dago. Posturak eta soltura pixka bat hartzea falta zaie, baina batzuk oso onak aterako dira segitzen badute.

Erakusteko ardura zurea da, eta horrek erantzukizuna ematen al dizu?

Bueno, ez. Jon Larrañaga daukat laguntzen, eta biok saiatzen gara dakiguna erakusten. Ez daukagu presiorik. Ardura ematen du 15 bat lagun zure ardurapean izatea, baina eramateko modukoa da. 


Hasiberri asko izanda, kezkatzen al zaitu Ligaren hasieran itxura onik ez emateak?

Bai, baina gu ere pasa ginen hortik, eta hauek ere pasako dira. Alboan bizpahiru beterano dituzunean, tapatu egiten dituzte gabeziak, baina gure kasuan, denak gazteak izanik, bat galtzen bada, ingurukoak ere hortxe-hortxe. Zailagoa da, baina Larrak eta biok helburu hau daukagu: arraunean ondo egin dezatela. Dena dute ontzeko. Orain arte ez dugu serierik jo; blokea egiten aritu gara. Nik uste dut lortu dugula, eta orain abiadura sartzean, beste hutsune batzuk azalduko dira. Baina bueno, poliki-poliki joango gara. Jendea gogoarekin dago, eta horrek animoa ematen digu.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude