Arraun Elkartearen aldeko bertso saioa izango da uztailaren 19an, puntako bertsolariekin

Uztailaren 19an izango da (ostirala), Aita Mari zinema aretoan, 22:30ean, eta 12 bertsolari ariko dira, Jon Maia patroi dutela.

Saioan zehar, omenaldia egingo dio Arraun Elkarteak Luis Mari Olasagasti ‘Luxia’ri, ia 30 urtez Zumaiako entrenatzaile izan denari. 

 

Bertsolaritzak eta arraunak bat egingo dute uztailaren 19an, ostirala, Zumaian, 22:30etik aurrera. Arraun Elkarteak antolatuta, bertso saioa izango da Aita Mari zinema aretoan. Berezia izango da saioa, hainbat arrazoi tarteko. Batetik, bertsolari kopurua: 12 ariko dira kantuan, Jon Maia patroi dutela. Hauek dira:

 

  • Maialen Lujanbio
  • Anjel Mari Peñagarikano
  • Jexus Mari Irazu
  • Aitor Mendiluze
  • Igor Elortza
  • Iker Zubeldia
  • Unai Iturriaga
  • Eneko Abasolo
  • Julio Soto
  • Sustrai Colina
  • Sebastian Lizaso
  • Amaia Agirre

 

Punta-puntako trainerua, zalantzarik gabe, arraun zale eta bertso zalearen gozamenerako.

Berezitasuna emango dion bestea omenaldi bat izango da. Hain zuzen, Arraun Elkarteak omendu egingo baitu klubaren historian egundoko garrantzia izan duen Luis Mari Olasagasti ‘Luxia’ entrenatzaile ohia. Ia 30 urtez izan zen entrenatzaile, eta 2010ean utzi zion lan horri. Klubak esker ona adierazi nahi dio.

Sarrera 10 euroan dago salgai leku hauetan: Zumaian bertan, Turismo Bulegoan eta Idoia Ardotegian. Saioa hasi aurretik Aita Mari aretoko lehiatilan ere jarriko dira salgai.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude